Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek eta alderdiko Koordinakunde Nazionaleko kide Asier Vegak Elkarte Kolonbiarreko (ASOCOL) buru Fredy Rodríguez Corrales eta Nekazarien Koordinakunde Nazionaleko abokatu David Uribe Laverderekin bilera egin dute gaur, Kolonbiako nekazariek paramilitarren eskutik bizi duten sufrimendua, beldurra eta bortizkeria salatzeko.
Matutek eta Vegak nekazariek pairatzen duten egoera larriarenganako ardura adierazi dute, eta horregatik, gogor salatu dute Bellacruz Etxaldeko – orain Gloria Etxalde izenekoa- 600 familiek jasandako lurren desjabetze bortitza. ASOCOLeko buruek, paramilitarren eskutik mehatxuak eta pertsekuzioak jasateaz ez ezik, legez kanpo kendutako lurren berresartze prozesuaren buru ere badira, elkartea osatzen duten 96 familien laguntzarekin batera.
Rodriguezek eta Uribek hasiera eman diote Bruselazen Europako eurodiputatuekin, goi-funtzionario eta herrialde desberdinetako ordezkariekin egingo duten hilabete bateko bilera sortari; Kolonbiako Gobernuari berehalako bake prozesua eta “nekazariei indarez lapurtutako lurrak bueltatzera behartzen duen Europako herrialdeen laguntza” lortzeko helburua duen bira, alegia. Aldi berean, “nekazarien eta euren familien babes efektiboa” eskatu diote estatu kolonbiarrari, euren lurretara bueltatzeko aukera izan eta lurrak berreskuratzearen ondorioz, lantzeko askatasuna ere izan dezaten.
Esan dutenez, “gaur arte Bellacruzen egindako kalte guztiari buelta ematea ezinezkoa bada ere”, ASOCOLetik eta Alternatibatik Gobernu Kolonbiarrari eta FARCei, La Habanan lurraldeen inguruan hitz egingo duten heinean, “biktimek justizia, konponbidea eta egia” merezi dutela gogorarazi nahi izan dute. “Bakea lortzeko lehen pausoa nekazariei lurrak bueltatzea da. Errestituziorik gabe bakea sinatzerik badugu, baina ez da benetako bakea izango”.
http://alternatiba.net/old-files/P1020124.JPG