Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak Laudioko Guardian enpresako langileak zoriondu nahi izan ditu gaur, borroka luzearen ostean – ia bi hilabeteko greba bukatu berri baitute- enpresak 140 langile kaleratzeko zuen asmoa bertan behera uztea eta, era berean, hasierako asmoa zuten lan ituneko baldintzei eustea lortu dutelako. “Langile erresistentziaren eredugarri izan dira eta, horri esker, kapitalaren zerbitzura dauden politikariek enpresen esku jarritako lan erreformadun lanabesak geldiaraztea lortu dute”.
Guardianeko langileek, alderdi ezkertiarreko ordezkariak azaldu duenez, “bertatik bertara ezagutu behar izan dituzte hainbat enpresaburuk darabilten jarrera sasi mafiosoa langileek auren eskubideen alde egiten dutenean, izan ere, lan baldintzak babestera joan eta enpresaren aldetik langileen laurden bat kaleratzeko mehatxuarekin topo egin zuten”. Beharginek, baina, “ederki antolatu dira, sigla eta batzordetik haratago ere bai, kaleratzeei erantzuteko. Modurik mingarri eta ausartenean egin dute, grebara jotzen, eta mehatxu gehiago ez ezik, askotariko presioei aurre egin behar izan diete”.
Borroka honi esker, kaleratzeak egiteko enplegu erregulazioa behin behineko dosierrean eraldatzeko proposamena lortu dute, datorren urtean langile guztiei 45 egunez eragingo diena baina soldatak bermatuta. Hori baino lorpen garrantzitsuagoa ere lortu dute, lan itunean ultraeraginkortasunari eustea eta kaleratzearen baldintzak erreformaren eraginetik babestea.
Estarronak, azkenik, “halako egoera lazgarriei egunero aurre egiten dieten langileak milaka eta milaka” direla gogorarazi du, eta, horregatik, eragile sozialei eta, oro har, herritarrei dei egin die, “egoera mingarri hauetan daude lagunekin elkartasuna adieraz dezaten eta enpresaburuek langileen aurka eginiko edozein eraso salatzeko helburuz deitutako protestetan parte har dezatela”.