EH Bildu legebiltzar-taldeak CAFeko langileen garaipentzat jo du Lana Erregulatzeko Espedientea bertan behera uzteko enpresako zuzendaritzaren erabakia. Beasaingo konpainiak datorren urtean 870 langile ingururi eragingo zien espedientea ezartzeko asmoa zeukan, baina azkenean atzera egin du langileek bultzatuta. EH Bilduren esanetan, “enpresaren erabakia ezin da ulertu langileen aldarrikapena kontuan hartu gabe, argi utzi baitute denbora luzez eutsi dioten borroka sindikalak fruituak ematen dituela, haien lanpostuen defentsan erakutsi duten konpromisoa erabakigarria izan delako zuzendaritza espedientea bertan behera uztera behartzeko”.
EH Bilduk ohartarazi duenez, CAFen ez ezik, Euskal Herriko beste enpresa batzuetan ere bizi den egoerak deslokalizazioen arriskua agerian uzten du, EAJk euskal ekonomia nazioartekotu beharra aldarrikatzen duen bitartean. Koalizioaren ustez, ordea, “EAJk defendatutako eredu ekonomiko horren atzean deslokalizazioen arriskua ezkutatzen da, eredu horri jarraituz euskal enpresa batzuek euren jarduera beste herri batzuetara eramaten dutelako, nazioartekotzen dutelako, baina bidean, atzean, sekulako langabezi tasak uzten dituzte Euskal Herrian. Hori saihestu behar da, eta horretarako lan egin behar du Eusko Jaurlaritzak”.
CAF enpresaren etorkizunari begira, bertan hartu beharreko erabakietan langileek ere parte-hartze zuzena eta aktiboa izan dezatela eskatu du EH Bilduk, “euren ahotsak funtsezkoa izan behar duelako konpainiaren lan-karga bermatzeko eta lanpostu guztiak mantentzeko, lan baldintzak murriztu gabe”.