Alternatiba Uribe-Butroeko Asanbladako bozeramaile Iñaki Bilbaok Mungiako MESA lantegiko behargin guztiak zoriondu nahi izan ditu, urtebeteko negoziaketen, isilaldien eta presioen ostean, atzo lan hitzarmena eraberritzeko akordio batera heldu zirelako. Bilbaok horrela baloratu du hitzarmena “azkenaldian ikusten ari garenerako, akordio duina dela esan daiteke” esanez. Erabakia langileen gehiengoak onetsi du eta, horren ostean, gaur lanera bueltatu dira.
Bilbaok langileek negoziaketetan eta geldialdietan eman dituzten 12 hilabeteak nabarmendu ditu, “aurreko ituna bezain ona ez bada ere, ganorazko bat lortu dutelako denbora luze horretan”. Aitzitik, “garaile atera direla baieztatu arren, aurretik lortutako eskubide asko bidean geratu direla” esan du ere.
Aldi berean, Alternatiba Uribe-Butroe Asanbladako koordinatzaileak antzeko egoeretan dauden enpresetako zuzendaritzei “lan hitzarmenek jasotakoa betetzea haien ardura eta konpromisoa dela” gogoratu nahi izan die. Gauzak horrela, Madrilgo Gobernuek ezarritako lan erreforma desberdinak haien onurarako erabiltzea eta “oportunista hutsak” izatea egotzi die, “langileen eskubideak eta eskulan kostuak murrizteko egoeraz baliatu direlako eta, kasu askotan, mozkinak lortzen jarraitzen duten enpresak izan direlako”.
Alternatibatik, haien elkartasun mezua bidali nahi izan diote enpresako batzordeari “Beasaingo CAF eta Laudioko Guardian kasuetan bezala, batasunaz eta pertseberantziaz betetako langile erresistentziaren eredu izan direlako”. Bestaldetik, Bilbaok ez ditu egoera berdinetan dauden enpresak ahaztu nahi izan eta, horregatik, gizarte osoari jakinarazi dio “enplegua eta duintasuna lortzeko borroka, guztion borroka dela eta aberastasunaren eta lanaren banaketa langile guztion elkartasunaz bakarrik lortuko dugula”.
Azkenik, asanbladako koordinatzaileak alderdi politiko, sozial eta sindikal guztiak “enpresa txiki zein ertainetako borrokak bultzatzera” premiatu ditu, “horiek izaten direlako hain zuzen, ordezkaritza sindikal falta eta tamainagatik eta langile kopuru murritzarengatik mobilizazio ahalmen txikiagoa dutenak. Hortaz, lan erreformen aurrean ahulenak izateaz gain, eskrupulu gabeko enpresarien egarria asetzen duten lehenak ere izaten dira”.