Krisi egoera lazgarria, murrizketen dinamika… hori da pairatzen dugun egoera gordina. Horri gehitu behar zaio, atzoko azken orduko erabakia, Konstituzio Epaitegiak kopago farmazeutikoari begira hartu duena. Azken hilabeteotan murrizketen aurrean herri gisa eman diogun erantzun zabala, sindikatuen, eragile sozialen eta EH Bilduren eskutik
Herri gisa ukatuak gara, euskal herritarren eta instituzioen iritzi eta erabakiak mespretxatuak dira, gure norbanako eskubideak eta nazionalak zapalduak dira, ekonomia, hezkuntza eta osasungintza alorreko erreformak ezartzen zaizkigu, politika propioak aurrera ateratzea galarazten zaigu. Egoera honetan, eskuineko politiken inposizioen bitartez, ez dugu etorkizunik ez herri gisa.
Gaur inoiz baino argiago Euskal Herriak nazio gisa aitorpena behar du, burujabetza osoa bere marko instituzional, bere eredu ekonomiko, hezkuntza eta osasun sistema, kultura eta hizkuntza garatzeko. Herri honek bere erabakiak hartzea hil ala biziko kontua da
Egoera ezin larriago honen erdian, bi bide ikusten ditugu: batetik, Estatuaren erreforma Euskal Herrian bururaino eramango duen bidea, kapitalak eta burbuila finantzariak beren aldaketa guztiak burutuz, herritarren eta herriaren eskubideen kaltetan. Zeregin honetan daudela ulertzen dugu PNV, UPN, Confebask…
Edo bestetik: Alarma gorrian dagoen gizarteari eta herritarren beharrei erantzuteko bidea eraikitzea eta horretarako erabakiak, instituzioak eta indar metaketa antolatzea. Europako botere ekonomikoen, Madrilgo morroitzaren eta kapitalaren inposizioen aurrean, herri bezala modu burujabean erantzun eta jokatzea, alegia.
Bigarren hau da koalizioak hartu duen bidea, inposizio eta murrizketei, ofentsiba neoliberalari eta burujabetza faltari aurre egitea, nola? Estatuarekin talka eginez, ofentsiba neoliberalari hortzak erakutsiz, herri honek alor guztietan, politikan, ekonomian, kulturan, hezkuntzan… pairatzen duen burujabetza faltari erabaki burujabeekin aurre eginez.
Alarma gorrian dagoen gizarteari eta herritarren beharrei erantzuteko bidea eraiki behar dugu, erabakiak eta instituzioak behar ditugu. Inposizioari herri bezala erantzunez jokatu behar dugu, eragile sozial, sindikal eta politikoen harresia sortuz inposizio bidegabeei erantzuteko.
Norabide honetan kokatzen dugu gure jardun politikoa, inposizioa eta murrizketen aurka ari gara eta herriz herri, instituzioz instituzio, Madriletik datozen erabakiek gizartearengan, hiritarrengan eraginik izan ez dezaten neurriak eta erabakiak hartzen. Madrilek inposatutako neurriek, 14 ordainsaria adibidez, ez diote foru langileei bakarrik eragiten, sistema publikoari ere eragiten diete eta ondorioz, gizarte guztiari.
Funtzionarioak, Diputazioa eta gainontzeko erakundeetako sail ezberdinetan lan egiten duten langileak dira Ongizateko Estatuaren zerbitzuek funtzionatu dezaten posible egiten dutenak.
Norabide honetan kokatu Gipuzkoako Foru Aldundiak langileei 14. Ordainsaria ordaintzearen erabakia. Gipuzkoako Foru Aldundiarena, bide honetan sakontzeko urrats handi bat da, dagoeneko Estatu espainiarreko abokatuak errekurritu duena.
Errekurtso honen aurrean ozen esan behar dugu langileen eskubideak eta instituzio honen erabakitzeko ahalmena ez dela milimetro bakarra mugituko Madrildik etor daitezkeen erabakien eta ondorioen aurrean. Hori da hartzen dugun konpromisoa.
Eta konpromisoa ez dugu hartzen hamalaugarren ordainsariari begira soilik, arazoa ez baita guretzat hamalaugarren ordainsaria, arazoa datozen murrizketa eta inposizio guztiek dakartena da, eta egoera honen aurrean herri gisa planto egin beharra. Herri gisa ezabatu nahi gaituzte inposizioz inposizio eta aurre egitera goaz.
Aurre egitera goaz burujabetzaren bidetik, instituzioetan eta kalean, lantegietan, eskoletan indarrak bilduz… gure alkate, hautetsi eta koalizioa osatzen duten milaka herritarren parte hartzearekin. Alternatiba badugu, burujabetza eta eraldaketa soziala, alternatiba martxan jarri dugu herriz herri eta instituzioetan, eta bide honetan sakontzea da gaurkoan hartzen dugun konpromisoa.
EH Bildu koalizioak herri bezala jokatu eta erantzuteko deia luzatzen die gainerako eragile sozial, sindikal eta alderdi politikoei batetik eta herri honetako instituzioei bestetik.
Alarma guztiak piztuta daudenean alderdien interesak bigarren maila batean utzi behar ditugu, indarrak batu behar ditugu, arrisku gorrian dagoen gure herriaren etorkizun politiko, ekonomiko eta kulturalari eusteko bitartekoak landu behar ditugu. Oso indartsuak izan gaitezke burujabetzaren bidean herri gisa eta klase irizpidearekin aritzen bagara. Horretarako gonbidapena eta gure prestutasuna azaldu nahi dugu gaurkoan.