Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gogor salatu du gaur Euskal Herriko kazetari edota hedabideen kontra eginiko “hamaikagarren erasoa eta jazarpen judiziala”, GARAko zuzendari Iñaki Soto Auzitegi Nazionalak inputatu gisa deklaratzera joan behar izanaren harira, joan den abuztuan egunkari horretan argitaratutako iritzi artikulu bategatik. Matutek gaitzetsi du “adierazpen askatasunaren aurkako eraso ageria eta larria” dela eta, horregatik, Alternatibaren elkartasuna adierazi dio Sotori, GARAko langileei guztiei eta gutuna idatzi zuten sei lagunei, Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratzera ere deitu dituztenak.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak deitoratu du “euskal gizartea etorkizunari begira dagoen bitartean etorkizuna normalizazioa politikoaren bidez eta bakean eraikitzeko, Auzitegi Nazionala bezalako erakunde atzerakoietatik EGIN eta EGUNKARIA kazetekin eginiko eraso onartezinak gogorarazi eta berpiztera behartzen gaituzte, Espainiako Erresumako batasunaren una, grande y libre leloarekin bat egiten ez duen oro terrorismoa dela aitzakia unibertsalarekin zentsuratu eta itxi zituztenak”.
Azkenik, gogorarazi du ez dagoela komunikabide bateko zuzendaria auzipetzeko lege oinarririk hirugarren batek idatzitako iritzi artikulu bat argitaratzeagatik, “agerian uzten duena Soto inputatu izanaren arrazoia, gutxienez, arbitrarioa dela”. Hori dela eta, Alternatibatik Euskal Herriko komunikabide eta haien langileen kontrako erasoak amaitzeko exijitu eta, era berean, Auzitegi Nazionala desegiteko eskatu dute, “justiziarekin baino, bere jarduera politikarekin zerikusi gehiago duelako, azken batean, jaio zen garai berean, frankismoan, desagertu behar zen salbuespeneko erakundea da”.