Bildu udal taldeak Santo Tomaseko azokan baserritarren eskubideak babestea eta produktu agroekologikoen salmenta bultzatzea eskatu dio Bilboko Udalari.
Bilduren zinegotzia den Ana Etxartek, Udalak zuzenean azokaren antolaketa kudeatu beharko lukeela uste du; Bizkaiko beste udalerrietan egiten den moduan, hiritargoaren eta sektorearen interesei lehentasuna emanez.
Egun, BBK azokaren antolaketaz arduratzen da eta, postua nork izan dezakeen erabakitzeaz gain, etekinak ematen dizkioten baldintzak jartzen ditu. Etxarteren aburuz, “Santo Tomas bezalako azoka herrikoi bat sistema finantziarioaren esku egotea onartezina da; azokan parte hartzeko balditzak argiak izan gabe, non ezinezkoa da nork eta nola ekoizten den jakitea, ekoizleek, birsaltzaileek eta nekazaritzarekin zerikusirik ez duten entitateek toki berdinean baitaude”.
Bilduren zinegotziaren iritziz, “Udalak, erakunde publikoa den heinean, azoka hau eta gainontzekoak pertsona ekoizle eta kontsumitzaileen arteko topaketa zuzenarako tokia izatea bermatu behar du, bitartekorik gabe, parte-hartze balditzak argi eta garbi jarriz eta modu agroekologikoan ekoizten duten baserritarrei lehentasuna emanez, zuzenagoa eta bidezkoagoa den eredu berri baterako trantsizioa erraztuz”.
Zentzu honetan Etxartek eskatu du, azokak agroekologiari, gardentasunari, eta parte hartzeari ateak irekitzea, baserritarren eskubideak defendatuz ere.