Aurten ere, abenduaren 24an Espainiako telebista kate guztiek – Urkulluren ETB berriak ere- haien arteko adostasun monarkikoa eta tradizio frankistarekiko fideltasuna islatuko dute urte amaierako mezua zabalduz. Tribuna horretatik, “Generalisimoak” hogeita hamazazpi urtez eman zituen “orden berriaren ezarpena” ospatzen, eta tribuna beretik eutsi egin dio azken Borboiak beste hogeita hamazazpi urtez erkidegoen Espainiari, “Una, Grande y Libre” Espainiaren bertsio atseginari, alegia.
Francoren Espainia, derrigorrezko espainiar nortasunnazionalaren hegemoniaren gainean altxatu zen, ezkerreko disidentzia ororen sarraski ideologikoaren gainean. Eta Caudilloaren oinordekoak talde garailearen obra burutzea lortu zuen garai berriek eskatzen zuten leuntasunarekin. Honela, Borboidarren Espainiak erkidego berriak bere folklore propioaren dibertsifikaziotzat hartu zituen eta ez nazio desberdinen izaeren aitortza bezala. Bien bitartean, ezkerreko disidentzia ideologikoa desaktibatu eta parlamentarismo mantsoena onartzera eraman zuten.
Espainiako azken bi estatuburuen curriculumean estatu kolpe faxista arrakastatsu bat, milioi erdi hilotzetik gora, lau hamarkadako basakeri diktatoriala eta klase agintariek aplikatutako azpikeriazko eta beste lau hamarkadako trantsizio “dotorea” pilatzen dira. Azken emaitza, PP eta PSOEren arteko txandakatzean oinarritzen den gobernu bipartidista dugu, herritarren burujabetzaren gainetik kapitalismoarena bermatzen duena eta herrien subiranotasunari Estatuarena inposatzen diona.
Hau dela eta, Euskal Herriko subiranotasun nazional osoa lortzeko borroka, eredu kapitalistaren aurkako borroka ere badela jakin badakigu. Gure ezkerra ez dago ez garaitua ez etxekotua. Oraindik ere, bidegabe eta harrapari izaera duen sistema ekonomiko eta sozial honi aurre egiten diogu, Estatuaren azpiegituretan eraikia eta eskualdeko burgesia desberdinen eskutik elikatuta dagoen sistema, hain zuzen. Burgesia periferiko hauek, nazionalismo kontserbadorean oinarrituta daudenak, gure herrien subiranotasuna eskaintza eta eskariari lotutako merkantzia bihurtu dituzte, mota guztietako pribilegioen truke alda daitezkeenak. Eskuineko nazionalismoek, “subiranotasun partekatuaren” eta “Estatuarekin itun adeitsuak egitearen” aldekoak, independentziaren aldarrikapena ezkerraren ekintza esparru esklusiboa bilakatzea lortu dute. Aldi berean, autonomismoak eragindako nekeak eta Euskadi eta Kataluniako autonomia estatutu berrien kontrako erasoak, burujabetzaren inguruko zalantzak argitu ditu: egun, subiranotasunerako onartu dezakegun alternatiba demokratiko bakarra gure independentzia osoaren aldarrikapena da.
Euskal Herriarentzat dagoen independentzia bakarra gehiengoaren borondatean oinarrituta dagoena izango da, eta ez agintari leinu baten interesetan oinarritutakoa. Euskal Herri aske batek ez du galera egoerara eraman gaituen kartel finantziero eta enpresarial baten menpe bizi nahi; inoren laguntzarik gabe eta autogestioaz, kooperatibismoa eta auzolana martxan jarri ditugulako; horikeriak gainditu eta eredu sindikal borrokalari bat sortu dugulako; gure lurra mafia inbestitzaile eta espekulatzaileren kontra eginez defendatu dugulako, gure kaleak kolore feministekin behin eta berriz margotuz patriarkatuaren aurka; gure herriak duen elkartasun internazionalista munduari erakutsi diolako; gure herriak OTANen terrorismo internazionalaren konplize izateari eta espedizio inperialista odoltsuetan parte hartzeari uko egin diolako.
Gabon gauean urtero telebistan ikusten dugun kapitalismo monarkikoaren aurrean, guk Euskal errepublika sozialista hautatzen dugu. Herrialde berri batean bizi nahi dugu, behetik gora eraikita dagoen mundu berri batean. Klaserik gabeko mundu bat, gure patuaren jabe izaten uzten gaituen mundu bat. Ez dago beste aukerarik, Euskal Herri askea nahi dugu, emakume eta gizon askeaz osaturiko Euskal Herria. Eta orain nahi dugu.