Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde bakoitzeko aurrekontuen etorkizuna argitzen joan da, pixkanaka. Momentuz Gipuzkoan bakarrik lortu da aurrekontuen gaineko adostasuna, Bildu, PSE eta Aralarren artean; Araban, berriz, PPk ez du babesik lortu, eta aurtengo aurrekontu berberak luzatuko dira. Beraz, Bizkaia da oraindik aurrekontuen gaineko eztabaidarik izan ez duen lurralde bakarra. EH Bilduren ustez, kezkatzekoa da eta arduragabea iruditzen zaigu urtea amaitzear dagoen honetan eztabaidarako datarik ere ez izatea.
Hasiera batean, aurrekontuen inguruko eztabaida abenduko azken aste honetan egitea aurreikusita zuten Batzar Nagusietako talde guztiek. PNVk, baina, eztabaida hori atzeratzea erabaki du. Nabarmendu nahi dugu PNVk ez duela atzerapen horren inguruan inolako azalpenik eman eta ez duela argitu nahi izan atzerapenerako zein motibo dituen. Bizkaiarentzako aurrekontuen eztabaidak duen garrantzi itzela kontuan hartuta, ezin dugu ulertu PNVren ilunkeria eta informazio falta.
EH Bildutik uste dugu bizkaitarrek lehenbailehen behar dituztela gizarte egoera larri honi erantzungo dioten erabakiak. Beharrak geroz eta handiagoak dira, eta ezinbestekoa da horiei ahalik eta azkarren aurre egitea. Aurrekontuek helburu horretarako erreminta izan behar dutela uste dugu, hain zuzen. Horrexegatik, Bizkaiko Aldundiari eskatzen diogu aurrekontuen gaineko eztabaida gehiago ez atzeratzeko eta lehenbailehen deitu dezala osoko bilkura.
Bizkaiko Aldundia, ordea, eztabaidari heldu beharrean, epeak luzatzen ari da. Bizkaiko interes orokorraren gainetik alderdi interesak lehenetsi ditu, PNVk eta argi gelditu da batzuek aldarrikatzen duten ardura instituzionala noraino iristen den. Era berean, Arabako aurrekontuak onartu gabe gelditu ostean, ikusten ari gara akordiorako gaitasuna aldarrikatzen dutenek zenbaterainoko zailtasunak dituzten erakundeen arteko kromo aldaketa aldapan gora ipintzen zaienean. Kontrako adibidea Gipuzkoan daukagu; tokiko errealitatea soilik ardatz hartuta Bildu akordiotara heltzeko kapaz izan da, eta aurrekontuen egonkortasuna bermatzea lortu du. Gainera, justizia sozialean oinarritutako aurrekontuak aurrera ateratzea lortu du.
Bizkaiko Aldundiak denbora irabazi nahi duela begi bistakoa da, PNVk Bizkaian akordioak lortzeko dituen zailtasunak medio. Bi osoko zuzenketen eztabaida ekidin nahi du PNVk, bai Bilduk eta bai PSEk aurkeztu dituzten zuzenketak hain zuzen, bere ahultasuna ahalik eta gehien disimulatzeko. Jokamolde horren atzean Eusko Legebiltzarreko aurrekontuen negoziazioa egon daiteke eta EH Bildutik adierazi nahi dugu guztiz onartezina dela bizkaitar guztion aurrekontuak beste erakunde batzuetako negoziazioen menpe jartzea. Arduragabekeria eta errespetu falta itzela da Bizkaiko baliabide ekonomikoen erabilera irizpide horien araberakoa izatea.
Berriz azpimarratu nahi dugu: EH Bildu prest dago gizarte eskubideak erdigunean ipiniko dituen aurrekontu eredu bati buruz hitz egiteko. Politika pertsonen zerbitzura jarriko duen ereduaz ari gara eta ez porlanaren alde eta zenbait interes partikularren alde egingo duen aurrekontu ereduaz. PNVk beste bilera batera deitu ez gaituen arren, guk norabide horretan segiko dugu lanean, gizarte eragile, sindikatu eta baita alderdi politikoekin ere. Hilabete honetan bilera errondak egin ditugun bezala, aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dugu aurrekontu sozialak aldarrikatzeko helburuarekin.