Alternatibako militante feministek pasa den abenduaren 22an “Mariak Gabonak abortatu ditu” izeneko kale ekintza egin zuten Bilboko Santiago Katedralaren aurrean, eliza katolikoaren eta bere ideologiaren aurkako salaketa egiteko asmoz. Bere izate guztian emakumeen eskubideak “hutseratu eta zapaldu” izana leporatu diote eliza katolikoari, bereziki eguberri egun hauetan, noiz eliza katoliko kupularen musika inoiz baino ozenago entzuten dugun, behin eta berriro, emakumeen abortatzeko eskubidearen kontra eginez. Azken batean, “gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko eskubidearen kontra egiten duen kanpai musika entzuten da, jainko katoliko baten morroi izan behar garela justifikatzen duen hotsa, alegia”. Gabonetan da, hain zuzen, Andre Mariak bere gorputzari, plazer sexualari eta bere bizitza berari ere uko egiten dionean, jaungoikoaren semea erditzeko eta zaintzeko helburu bakarrekin.
Eguerdiko 13:00ak aldera, ehunka pertsona gabonetako erosketekin ari zirela, haietariko askok jakinguraz gidatuta performancea ikustera gelditu ziren. Ekintza, Ama Birjinaren ur botatzearekin hasten da, Josebaz lagunduta, jaungoikoari erditzeko indarra eta errukitasuna eskatzen dion bitartean. Orduan, “Angela” agertzen da, “Angela Davis” estatubatuar feminista famatua gogora ekarriz, Mariari feminismoaren ontasunak iragarriko dizkiona eta exorzismo baten bitartez, bere mina kenduko diona. Ondoren, bere gorputzaren gozamen erotikoa eta sexuala ezagutzera gonbidatu eta barruko erru katolikoa, arrosarioa eta biblia pisuduna aterako dizkio, momenturarte bere buruaren jabe izatea galarazten zizkiotenak. Kale antzerkiari amaiera emateko, koreografia batez lagundutako saio musikala egiten dute, eta horrela dio: “Feministak gara, antipatriarkalak, enpoderatuak eta erotizatuak”.