Pablo Fernandez – Alternatibaren Bilboko Asanblada
Duela urtebete, Bilboko kaleak zeharkatu zituen euskal preso politikoen aldeko manifestazio erraldoian, Espainiar estatuko leku desberdinetatik etorritako adiskide eta ezagun kopuru handi eta adierazgarria ikusteko aukera izan genuen. Euskal herritarren eta gaztelarren, andaluziarren, extremadurarren eta gainerakoen arteko ohiko elkartasun bideekin batera, azkenaldian sortutako gazte ekintzaile berriak dauzkagu, politikagintzaren kezka M15, 29S Rodea el Congreso, Marea Verde eta Marea Blanca (Madrilen hezkuntza eta osasungintza publikoaren aldeko mugimenduak hurrenez hurren) eta Euskal Herriko errealitateari “bestelako begiradarekin” begiratzen diotenak.
Bi dira aldaketa horren atzean dauden eragileak. Batetik, gero eta jende gehiago ari dela kalera ateratzen eta literalki ari da nozitzen bere buruan espainiar demokraziak bildu eta manifestatzeko eskubideez duen irakurketa bitxia. Hor dira elkarretaratzeetan egote hutsagatik jarritako isun ugariak edota munduari bira egin dion irudia, modu baketsuan bunker bilakatutako parlamentua inguratzen duten gizon eta emakumeena, Gobernuarekiko eta, ondorioz, Estatuaren bitarteko zapaltzaileekiko talka irudikatzen duena, azken 30 urteetan ikusi ez den moduan.
Euskal Herrian, tamalez, protesta sozialaren errepresioa eta salbuespen politikak etengabekoak izan dira azken hamarkadatan: jazarpena, frogarik gabeko salaketak, zentsura, inkomunikazioa, salbuespeneko atxiloketak, sakabanaketa, babesgabetasuna… Guztia terrorismo sezesionistaren aurka dena zilegi dela betiereko aitzakiapean, kanpora ederki eta erraz esportatzen dena.
Euskal gatazkaren berrirakurketa eragin duten aldagaiekin bueltan, gero eta argiagoa dirudi Euskal Herrian ireki den egoera berriak Madriletik altxatu duten ke hesia euskal herritarren eta gainerakoen artean, dagoeneko, ez duela ezertarako balio. Ez du balio azken hamarkadetako diskurtsoak, gauzak aldatu egin dira eta Ebrotik bestalderako sentsibilitate demokratikoenekiko komunikazio bideak nabarmen hobeto dira.
Gauzak horrela, espainiar estatuko herritarrei dei egin nahi diegu, urtarrilaren 12an gurekin egon daitezela Bilboko kaleak, berriz ere, presoen eskubideen aldeko aldarri herritar eta demokratikoa izan daitezen, eritasun larriak dituztenen askatasuna eskatu, sakabanaketa eta bere ondorioak zein zigorren luzatze bidegabea salatu eta tortura ororen amaiera exijitzeko.
Vallecasko Ateneo Errepublikarreko lagunak, Chamberiko gazte komunistak, Orcasitaseko irrati libreen ekintzaileak, Aragoiko nazionalistak, Andaluziako SAT sindikatuko kideak, Madrilgo Complutense unibertsitateko ikasle errepresaliatuak, “hau ezagutzen duten” katalanak, Segoviako Correoseko langile anonimoak, Burgosko gaztelanistak, Extremadurako IUko adiskideak, haien alderdiak Euskal Herriarekiko izan duen jarrera betidanik kritikatu dutenak, arrazakeriaren aurkako mugimendu asturiarreko ekintzaileak, Chuecako LGTB kolektiboetako kideak, eta oharkabean pasatzea nahiago izan zuen zinemagintzako jendea… lagun guzti horiek izan ziren gurekin iaz eta espero dugu larunbatean berriz izango ditugula gure artean Autonomia kalea lepo betetzen.
Batzuek ez dute beren burua espainiartzat jotzen, beste batzuek, aldiz, bai, herrien eskubide demokratikoekiko errespetua duten arren. Bakoitzaren izaeratik haratago, guretzat garrantzitsuena da elkartasuna herrien arteko samurtasuna dela dioen printzipio internazionalista zuenganatu egiten duzuela. Horrexegatik, Euskal Herritik ere Alfonso Fernandez, Alfon, aska dezatela eskatzearekin bat egiten dugu, FIES erregimena ezarrita azaroaren 14an Vallecasko grebalariekin bat egitera zihoala atxilotu eta ordudanik kartzelan mantentzen dutena.
Alfonen ama, Elena Ortegak, honakoa adierazi die komunikabideei: “Auzoko gazteak gehiegi izugarri estutzen ari dira. Irteerarik ez dute eta orain manifestatzea ere debekatu nahi diete”. Gazte horiek gure parte dira eta sentitzen dugu, gero eta biziago, hemen borroka egiten dugunok haien parte ere bagarela. Urtarrilaren 12an, denok Bilbora! Euskal Presoak Euskal Herrira!