Alternatibako Bilboko Asanbladak bere balorazioa kaleratu nahi izan du hiribilduko edilak, Iñaki Azkuna, munduko alkaterik hoberenaren titulua jaso duelako. Alternatibako udal bozeramaile Pablo Fernandezek horrela erantzun dio izendatzeari: “honek lotsa eta haserrea eragin dezake bilbotar askorengan, barregura ere”. Fernandezek ironiaz hitz egin du bere alkatearen inguruan, beste lorpen askoren artean “merkatalgune eta kate handien mesederako merkatari txikiak zapaldu ditu, jai egunetan irekitzea ahalbidetu eta etengabeko ordutegiak sustatuta, lan baldintzak pobretuz eta kontziliazioa oztopatuz”.
Ezkerreko alderditik, hiriko jaiak eta kultura sustatzen duten erakunde sozial konprometituekiko Bilboko alkateak duen jarrera salatu nahi izan dute ere, “Bilboko Konpartsak adibidez, berriro ere aurten Kale Nagusitik inauterietan desfilatzea debekatu zaiena, Udalak bere desfile pribatua ere egingo ez duela baieztatu arren. Iazko uztailean bezala, Konpartsero Egunean, mundu guztiari irekia dagoen festa herrikoia, poliziaren bitartez sakabanatzearen mehatxua egin zien konpartsei, azkenean isunen bidez egin bazuen ere”.
Alkate berberak, adierazi du Fernandezek, “neurri gabeko indarkeriaz zapuztu izan ditu Sorgintxulo eta Kukutza bezalako kulturgune autogestionatuak, beren auzoetan errotutakoak, edota sortu eta berehala desegin dituen Patakon eta Uztaldi. Etxegabeak edota etorkinen aurka ere indarkeriaz aritzen dena, duela gutxi Zorrotzaurren egin duen moduan”.
Alternatibatik, halaber, “udalaren balizko zor gabezia” gaitzetsi dute, gogorarazita “erakunde honen zorra sortutako hainbat sozietateren gainean dagoela”. Bilbo ederragoa “egin omen du ere Azkunak, zentroa bakarrik eta auzoen lepotik izan arren”.
Azkenik, Bilboko Asanbladatik alkatetzan azken 13 urtetan egondakoaren “pribatizatzeko grina” salatu dute, “ahal izan duen guztia eta are gehiago ere pribatizatu egin du, Erriberako merkatuarena bezalako adibide lotsagarriekin, gaizki atera zaiona gainera. Antzera jokatu du etxebizitza arloan, 25.000 etxe hutsik dituen hirian eraikuntzaren aldeko apustuari eusten dion, Garrellanoko proiektuan kasu, zeinetan tasatutako etxe bat erosteko aukera izateko urteroko 50.000 euro gordineko soldata eskatzen den. Supersur eta Bilbao World Series formako Scalextric zaletasunaren alkatea dugu, euskal kulturari gorroto diona eta adiskideen artean monarkak eta militarrak dituena. Azken batean, BERE munduko alkaterik onena”.