EH Bilduren iritziz, Bizkaiak egun bizi duen egoera arduragabekeria politiko eta instituzional larria da. Bizkaiak ez ditu 2013ko aurrekontuak adostu eta, are okerrago, horretaz eztabaidatzeko datarik ere ez dago oraindik. Egoera horretan dagoen herrialde bakarra da.
Gure herrialdean argi eta garbi ikusten ari gara zer nolako arazoak dituen EAJk akordioak ixteko eta, baita ere, zelako gabeziak dituen bizkaitarrok pairatzen ari garen egoera sozioekonomiko larriari aurre egiteko ezinbestekoak diren aurrekontuak modu egokian kudeatzeko.
EAJk kudeatzeko gaitasuna duela errepikatzen du behin eta berriro, akordioak lortzeko prestutasun osoa duela, borondateak batzeko gauza dela… eta harro agertzen da beti horregatik. Baina Bizkaiko aurrekontuei dagokienez, eta herrialdeko bigarren indar politikoa garenokin, bi kontaktu baino ez dira egon: lehenengoa, aurrekontuak aurkeztu zituenean; bigarrena, balizko negoziazio bati heltzeari begira. EAJ-k berebiziko garrantzia duen eztabaida ukatzen ari zaie bizkaitar guztiei.
Eta aipatu behar da, testuinguru honetan, EAJk Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik kanpo gauzkala oraindik, eta modu horretan erabaki garrantzitsu batzuetatik kanpo utzi egiten gaituela. Abenduaren 28tik bai Jose Luis Bilbao, bai bere aurrekontuak desagerturik daude, eta bitartean puntu batzuk ezagutzen ari gara, adibidez, gehien daukanak gehiago ordaindu behar duen printzipioa eta zerga-politika progresiboa bertan behera utziz.
Are larriagoa da, hala ere, Jose Luis Bilbaoren taldeak akordioetara iristeko erakutsi duen gaitasunik eza, larrialdi egoeretan irtenbideak bilatzeko duen defizita. Lau haizetara beraiek zabaltzen duten ardura eta egonkortasunetik oso urrun, EAJk kromo-trukaketaren aldeko apustua egin du. Arabakoak Bizkaikoen truke, pentsatuz, ziurrenik, beraiek abstenituz gero, PPk aurrekontuak aurrera aterako lituzkeela eta, argazkian Mariano Rajoy eta Carlos Urquijoren alderdiarekin batera agertu behar izan gabe, Bizkaian beraiek arazorik gabe aprobatuko zituztela.
Baina kalkuluak ez zaizkio ondo atera, eta EAJk denbora irabaztea erabaki du. Gernikako osoko bilkura arduragabe eta gardentasunik gabe atzeratu du, eta berriz ere zenbakiak egiteari ekin dio, baina oraingoan ez hainbeste Bizkaiko aurrekontuak onartzeari begira, baizik eta berriro beste kromo-trukaketa bat egiten saiatzeari begira, bide batez EAEko aurrekontuak ere adostu nahian.
EH Bildurentzat, Bizkaiko aurrekontuek sekulako garrantzia dute, tresna garrantzitsuegia da kromo-trukaketa baten menpe jartzeko, jendeari bizkarra emanez, eta are gutxiago egungo egoera sozioekonomikoan. Hori dela eta, dei egiten diogu EAJri, behingoz ager dadin eta arduraz eta gardentasunez joka dezan, akordioak ahalbidetzeko. Eta gure apustua berretsi egiten dugu, aurrekontu sozialen alde, milaka bizkaitar pairatzen ari diren larrialdi egoera honi aurre egin ahal izateko.
Pertsonen zerbitzura –eta ez porlanaren zerbitzura– egon behar duen aurrekontu-eredu bati heltzeko gure prestutasun osoa dugu. Enplegua sortzeko politika aktiboak abian jartzearen alde egiten dugu, Bizkaiko errekuperazio ekonomikoa sustatzeko, eta arreta berezia ipiniz eskualdeetan planen aktibazioan.
Halaber, Gizarte Ekintza Saila indartzearen aldeko apustua egiten dugu. Sail horrek oso aurrekontu eskasa dauka une honetan, eta Menpekotasunaren Legean egindako murrizketak eta Diputazioko zaintza sektoreko lan-baldintza prekarioak ezkutatzen ditu. Eta hori guztia oraindik Bizkaiko azpiegiturarik handienak, SuperSur delakoak, utzi duen zulo ekonomikoa ordaintzen hasi gabe gaudenean, horretan etekina atera duten bakarrak proiektuko konstruktorak izan direlako.