EH Bilduk bere elkartasun eta babes osoa adierazi die 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorraren egunean Gernikan pikete informatibo batean parte hartzeagatik gaur bertan epaituak izango diren 18 lagunei, eta Eusko Legebiltzarrak ere berdin egin dezala nahi du koalizioak. Horretarako, legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Gasteizko Ganbaran.
Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, fiskalak 3 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatu ditu auzipetu bakoitzarentzat, “gehiegikeria izugarria”, bere iritziz, eta “are gehiago kontuan hartzen badugu pertsona horiek jada kondenatuta daudela, Madriletik bideratutako neurrien ondorioz prekarietatea pairatzera, hain zuzen ere”.
EH Bilduk “greba eskubidea herritar zein langile ororen oinarrizko eskubidea” dela nabarmendu du eta, horren harira erantsi duenez, “une honetan gainera herritar, sindikatu eta eragileen mobilizazioa behar-beharrezkoa da lan eta gizarte eskubideak defendatzeko eta murrizketei aurre egiteko, horiek geldierazi eta egoera sozioekonomikoa aldatze aldera”.
Ildo horri jarraituz, gaur aurkeztutako proposamenaren bitartez koalizioak eskatzen du Legebiltzarrak espainiar Gobernuak inposatutako murrizketak arbuia ditzala eta Jaurlaritzak murrizketa horiei aurre egin eta EAEn aplikatzeari uko egin diezaiola, “prekarietatea eta langabezia sustatzea besterik ez dakartelako”.