Astebete joan da, baina Bizkaiko Batzar Nagusietan aurrekontuen gaineko eztabaida gauzatzeko data ezagutu gabe jarraitzen dugu. Aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJk akordiorik lortu izanaren berririk ere ez dago. EAJk dauka ordezkaritzarik handiena herrialdean; beraz, berari dagokio aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioak bilatzea.
Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Legebiltzarra dira beren aurrekontuak tramitatu ere egin ez dituzten administrazio bakarrak. EAJk du gehiengoa bi administrazioetan, berari dagokio aurrekontuen onarpenerako akordioak bilatzea, baina ez du horretarako urrats eraginkorrik eman. Egoera honek agerian uzten du zenbaterainokoa den alderdi horren kudeaketa gaitasuna eta ezberdinen artean akordioak lotzeko daukan gaitasuna ere zalantzan jartzen du.
Jaurlaritzako bozeramaileak asteon esan du Gobernu Kontseiluak martxoaren 12ko data jarri duela aurrekontuak onartzeko. Iragarpen horretan eta horren osteko erreakzioetan egon dira begirada guztiak aste honetan. Bizkaia ere aurrekontu gabe dagoela oharkapean pasa da. Gure buruari orain egiten diogun galdera da ea Jose Luis Bilbaoren asmoa bera den, hau da, udaberriaren bezpera arte itxaron behar ote duen bere herrialdeko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Baina bada diferentzia bat: Legebiltzarra orain gutxi osatu den erakundea da eta Bizkaian EAJk gehiengoz gobernatu du betidanik.
Jose Luis Bilbao diputatu nagusia “desagertuta” dago 2012ko azarotik, proposatzen zuen aurrekontua eta fiskalitate arloko zenbait neurri iragarri zituenetik. Baina oraindik ere kezkagarriagoa da aurrekontuen eztabaidari heltzeko EAJ erakusten ari den gaitasun eza, are gehiago kontuan hartzen badugu aurrekontuak funtsezko tresna direla bizkaitarrok pairatzen dugun egoera sozioekonomiko larriari aurre egiteko, ez baita ahaztu behar gure herrialdeko langabezia eta pobrezia tasak ingurukoak baino handiagoak direla.
EH Bildutik gure buruari galdetzen diogu zer nolako egoeratan egongo ginatekeen Gipuzkoa izango balitz egoera horretan den herrialdea, aurrekontuak onartzeke egongo balira. Izan ere, urtarrilaren erdi aldera goaz, eta oraindik aurrekontuen eztabaida gauzatzeko datarik ere ez dugu. Zer gertatuko litzateke egoera honetan Gipuzkoako foru agintariak jendaurrean agertu gabe eta duten erantzukizunari heldu gabe egongo balira?
EAJk apustu argia egin zuen: Araban eta Bizkaian kromo aldaketa egin. Jokaldia ezin okerrago atera zitzaien, baina oraindik ere bide beretik jarraitzeko asmoa dutela ematen du. Bien bitartean, erantzukizuna eskatzen ari zaigu gainontzeko indar politikooi, euren buruari begiratu gabe. EAJ berebiziko garrantzia daukan eztabaida lapurtzen ari zaigu bizkaitarroi; baina hori baino okerragoa, arduragabekeria galantaz jokatzen ari da, beraien ekimen faltaren ondorioz areagotzen ari delako bizi dugun emergentzia egoera eta horren ondorioak.
EH Bilduk, ordezkaritza politikoan Bizkaiko bigarren indarrak, ekimen politikoa hartuko du hurrengo astean, aurrekontuen eztabaida behingoz gauzatu dadin eta gure herrialdeak herritarren egiazko beharrei erantzungo dien aurrekontu sozialak edukitzeko helburuarekin.
EAJk aurkeztutako aurrekontuek murrizketa handiak ditu gizartekintzan, eta horrek babes gabe utziko ditu Bizkaiko herritarrak. Diputazioak zenbakiak bere erara erabiliko ditu, baina egia dena da Gizarte Ekintza Sailera aurrekontuen %38 bideratuko dela eta zaharren egoitzetako langileen baldintzak zein zerbitzuaren kalitatea kaltetuko dela. Mendekotasun Legetik eratortzen diren prestazioak eta diru prestazioak osatu gabe jarraitzen du eta Madrildik finantzazio faltagatik datozen murrizketak baino sakonagoak beregain hartzen ditu, sortu diren gabeziak estali beharrean.
Oparotasunaren garaian Bizkaiko zenbait udalerrik zorrak hartu zituzten, baina Diputazioak bakardadean utzi ditu, eta bere erantzukizuna bete gabe jarraitzen du. Beharrezkoak diren diru-sarrerak ez dituen aurrekontuak dira, fiskalitatean egin beharreko aldaketak ez zituztelako nahi izan; zorraren eta premiazkoak ez diren azpiegituren aurrekontuak dira. Eskuineko aurrekontuak dira, eta ez eskubide sozialena.