Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Euskal Herriko herritar guztiei dei egin die larunbat honetan euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte hartzeko, Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lemapean. Matutek azpaimarratu izan duenez, “gure herrian bakea eta normalizazio politikoa lortu nahi badugu, giza eskubideen defentsa ideologia eta alderdikerietatik haratago joan behar dugula” eta, horregatik, pertsona guztien eskubide guztiak babesteko indarrak batzera deitu du.
Iaz bezala, EH Bildu taldeko parlamentariak larunbatekoa deialdi historikoa izango dela aurreikusi du: “Milaka pertsona eta eragilek dira manifestazioari atxikimendua erakutsi diotenak eta dagoeneko inork ez du aitzakiarik mendekuan oinarritutako espetxe politika babesteko”. Guzti honengatik, Alternatibak “Paris eta Madrilgo gobernuei sakabanaketa bezalako neurri zigortzaileekin amaitzeko eta, eskubiderik oinarrizkoenak beteta, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzeko” eskatu die.
Bukatzeko, talde ezkertiarreko bozeramaileak esan du “bihar, milaka eta milaka lagunek Bilboko kaleetatik salbuespen politikak behin betiko bukatu behar direla exijituko” dutela,” seguruenik manifestaziora deitu ez duten eragileetako jarraitzaileak barne”.