Maialen Lizarralde – Lokarri
“Berradiskidetze zubiak eraikiz” proiektutik urte bete igarota, sentsibilitate ezberdinetako gazteek osatutako talde batek Belfastera egin zuen bidaia Lokarrirekin joan zen azaroaren 28tik abenduaren 2ra. Zehazki, Lokarrik proiektuaren aurkezpenean azaldu zuen bezala, Euskadiko Gazteria Sozialistak, Gazte Abertzaleak, Ezker abertzalea, EGI eta Alternatibako kideek hartu zuten parte esperientzian, Lokarriko bi pertsonekin batera.
Aurtengo bizipenaren ondorioa oso positiboa da berriz: Ipar Irlandako prozesua zuzenean ezagutzeak eta bizipenean parte hartzen duten pertsonen arteko elkarbizitza biziak beste eguneroko testuinguruetan lortzea zailak diren ikaskuntza, elkarrizketa eta konpromiso prozesuak eragiten ditu. Zaila da, baita ere, ikasi eta bizitako guztia azaltzea, baina jarraian bidaiaren kronika labur bat eskaintzen saiatzen gara.
1. eguna: Dublin
Taldearen lehenengo geltokia Dublinen izan zen, bere parlamentuan, gure anfitrioia zen Ruairi Rowan-ekin. Instituzioa ezagutu genuen Sinn Féineko gazteen eskutik eta laburki Gerry Adams agurtu ahal izan genuen, Sinn Féineko ordezkariekin bilera batean parte hartu aurretik. Bilera horretan zegoen, besteak beste, Eoin Ó Broin “Matxinada. Historia del movimiento juvenil radical vasco” (Txalaparta) liburuaren autorea. Batzarrean elkarrizketaren garrantzia, gazteen paper garrantzitsua edo nazioarteko sostengua bezalako gaiak azpimarratu ziren. Dena blokeatuta dagoela ematen duen uneetan pazientziaren garrantzia nabarmendu zuten: “beti hartzen du uste baino denbora gehiago”, zioten. Eguna Dublineko toki esanguratsuetatik zehar Sinn Féinnek antolatutako ibilaldi historiko batekin bukatu genuen.
2. eguna: Belfast, iraganera eta etorkizunera bidaia
Bidaiaren bigarren eguna, jada Belfasten, Healing Through Remembering-en egoitzan antolatutako mahai inguru batekin hasi zen Brian Rowan eta Eamonn Maille kazetariekin, Alliance Party eta Northern Ireland Youth Forum-eko gazteekin eta UDA talde armatu unionistako kide izandako Jackie McDonald-ekin. Solasaldia zinez interesgarria izan zen.
Kazetariek beren bakearen aldeko paper aktiboa nabarmentzen zuten: alde guztiekin hartu-emanak dituzten agenteak izanik, gertatzen zena kontatzeko ardura zuten, egiaren prozesuarekin zerikusia duena. Prozesu horri azalpen edo informazio prozesu deitzea egokiagotzat hartzen zuten, eta ez da salaketarekin, erruarekin edo barkamenarekin nahastu behar, eta batez ere, ez da politikoen arteko “erruen” egozpen bataila bat izan behar. Gure taldetik gobernua mugitzen ez denean zer egin daitekeen galdetzean, zera erantzuten zuten: “ez du merezi gobernua kritikatzen tematzeak. Limurtu, pedagogia egin eta, batez ere, lengoaia berri bat erabili behar da. Bakea ez datza exijentzietan, baizik eta bakoitza konpartitzeko prest dagoen horretan. Arriskuak hartu eta deserosoak diren gauzak egitea eskatzen du”.
Bertako gazteek ere azpimarratu zuten gertatutakoaren irudi osoa kontatzearen garrantzia, gatazkaren arrastoak haien belaunaldira ere iritsi baitira mesfidantza eta erru bezala, eta beharrezkoa da hesiak apurtzea.
Jackie McDonald berak ere berretsi zuen: giltza gazteen artean dago, indarkeriaren zama haiengana ere iritsi baita: “Gertatutakoa kontatu behar zaie, erromantizismorik gabe, harrotsaunik gabe: hau egin genuen eta ezin da errepikatu”, zioen. Preso ohi bezala kartzelatik ateratzean bizitzen dituzten zailtasunez eta edozein bake prozesutan duten ezinbesteko paperaz ere aritu zen.
Elkarrizketa honen ondoren, taldea Ipar Irlandako parlamentuari bisita egitera joan zen Stormont-en. Bere funtzionamendua eta berezitasunak ezagutu zituen, parlamentuko lehendakari den William Hay-ekin bildu zen eta Sinn Féin, DUP, SDLP eta UUP alderdietako legebiltzarkideekin hizketaldi batean hartu zuen parte, urte batzuk arte elkarren etsaitzat hartzen ziren ordezkariak mahai berean esertzeko gai direla ikusiz.
3. eguna: Burdin hesiek badiraute, hormek hitz egiten dute
Hirugarren egunean komunitateen arteko harremanetan lan egiten duen Intercomm erakundea ezagutzera joan ginen. Hainbat pertsonekin solasalida izan genuen han, haietako asko preso ohi unionista zein errepublikarrak, gaur egun Intercomm bezalako proiektuetan elkarrekin lankidetzan ari direnak. Benetako bake prozesua gizartearen oinarrietan gertatzen dela eta gertatu behar dela azpimarratu zuten, eta hor aske geratutako presoek ezinbesteko papera izan zuten eta dute. Hala ere, denek baieztatu zuten birgizartearatzeak dakartzan zailtasunak, baliabide praktikoak edo sortutako gorroto soziala kasu. Gure taldeak galdetu zien ea nola azalduko lioketen beren bilobei bakoitzaren kontakizun pertsonala, eta hainbat gauzen inguruan hitz egitea oso zaila dela baieztatu zuten, betiere, beharrezkotzat hartuz “buruak desarmatzeko”. “Ez gara pertsona txarrak. Gauza ikaragarriak egin dituzten pertsona onak gara”, azaldu zuen batek.
Haietako batek, talde armatu unionista bateko kide izandakoa eta egun gizarte langilea eta doktoregai den John Howcroft-ek, Belfasteko iparraldeko auzo batzuk ezagutzera eraman gintuen, indarkeria gehien bildu duen gunera hain zuzen. Lehen banaketa eta indarkeria bultzatzen zuten eta bizikidetzaren aldeko baloreak sustatzeko berrituak izan diren horma-irudiak, komunitateek normaltasunez harremanak izateko helburuarekin ireki egin diren hesiak edo gune oso gatazkatsuetan bi komunitateetako pertsonak hartzen dituen eraikin eraberrituak erakutsi zizkigun. John beraren adibidea ere oso adierazgarria izan zen.
4. eguna: Falls Road, Brian Rowan-ekin
Brian Rowan kazetaria bake prozesuan zehar jazotako gertakari askoren lekuko zuzena izan da, eta bera izan zen Falls Road inguruko gune errepublikarrak ezagutzera eraman gintuena, berak bizitako mugarri horiei buruzko pasarteak kontatzen zizkigun bitartean. Horma-irudiak eta biktimen memorialak ikusi genituen, eta kafe bat hartu genuen urteetan zehar bildu zuen altxorra erakusten zigun bitartean: azken urteotako dokumentu, egunkari-zati eta argazki esanguratsuz betetako karpeta bat, besteak beste, IRAren su-etenaren adierazpen originalak barne. Preso errepublikarren museoa ere ikusi genuen, Tar Anall-en Seanna Walsh-ekin bildu baino lehen.
Seanna Walsh-ek 21 urte pasa zituen espetxean IRAko kide izateagatik. Bobby Sands-en laguna zen, eta bera izan zen 2005ean IRAk su-etena iragartzen zuen adierazpena irakurri zuena. Azken urteotako prozesuaren bere kontakizuna eskaini zigun: “ez da katoliko eta protestante edo errepublikar eta unionisten arteko gatazka bat. Guk IRAn argi genuen gure borroka britainiar okupazioaren aurka zela, britainiar Gobernuaren aurka, eta ez unionisten aurka”. Indarkeriaren zirkuluak inora eramaten ez zuela ikusi eta britainiar Gobernuarekin negoziatzen saiatu behar zirela ondorioztatu zuten, eta denak iritsi ziren ondorio berera.
IRAko disidenteen inguruan ere aritu zen, helburu argirik gabeko gutxiengo bezala definituz, eta baita 1998 urtean adostutako presoen askapen prozesuaz, barkamenaz, egiaz eta biktimez ere. Bukatzeko, taldeak galdetu zion nola sentitu zen IRAren su-etena iragartzen zuen adierazpena irakurri zuenean, eta hunkituta erantzun zuen “harro eta ohorez”.
Bidaiaren agenda bizia SDLP alderdiko gazteekin pub batean egindako bilera informal batekin bukatu zen. Besteak beste, beren harridura eta nolabaiteko miresmena azaldu ziguten sentsibilitate hain ezberdinek osatutako gure taldea ikustean elkarrekin eta konfiantza handiko harremanarekin bizipen hau konpartitzen. “Betidanik ezagutzen zaretela ematen du”, zioten. Gazterien artean harremanak egon arren, halako esperientzia baterako elkartzeko gai izango ote ziren ez zekitela esan ziguten. Guri bisita egiteko gonbitea luzatu genien.
Izan ere, Ruari Rowan-ek artikulu honetakogure bisitaren inguruko kronikan, ikaskuntzak bi noranzkotan izan zela ematen du, eta ikasitakoak berradiskidetzearen zubiak igarotzen ditu Euskal Herria eta Ipar Irlandaren artean eta baitan.
Oharra: taldea itzuli eta ordu gutxitara, egun indarrean dirauen britainiar banderekin lotutako gatazka sortu zen Belfasten. Gatazka honen garapenari jarraipena ematea, bildu ginen pertsonek konpartitzen zizkiguten hausnarketekin lotuz, oso baliagarria izaten ari da. Bakerako beren bidea zailtasunez beteta dagoela eta kontatzen ziguten “hartutako zama” hori egon badagoela ikusten dugu, eta gure babesa adierazten dugu indarkeria adierazpen hau bideratu ahal dezaten, berriz ez errepikatzeko.