Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek deitoratu egin du gaur Estrasburgoko Auzitegiak eman duen epaia, 2008an Espainiar Erresumako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo utzi izana berretsi duelako: “Tamalgarria da Madrilgo gobernu desberdinek ideien ilegalizazioa bermatzen duten politika zapaltzaileak eta salbuespenekoak behin eta berriro erabiltzearen estrategia jarraitu izana, beti ere, edozein ekintza edo ideologia abertzalea ETArekin lotuz eta haien kanporatze publiko zein politikoa justifikatuz”.
Era berean, Agirresarobek gogorarazi du “euskal gizarteak argi eta garbi adierazi duela aukera politiko guztiak zilegi direla, kalean eginiko manifestazioaetan zein hauteskundeetan Euskal Herrian aro politiko berria irekitzearen alde dauden alderdien alde bozkatuta”. Horregatik, eta “PPren gobernuaren itxikeriaren aurrean”, dei egin die Europako erakundeei Madril bultza dezatela gatazka gainditu zein bakea eta normalizazioa eraikitzeko lanean, euskal herritarrek espero duten “helmuga gauzagarri eta atzeraezinera heltzeko”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, “anakronismoa demokratikoa” iritzi izan dio XXI. mendean sartuta eta beren burua demokratikotzat duten estatuen batasunean ideiak legez kanpo uzteari. Horren harira, Agirresarobek gogora ekarri du Human Rights Watch eta OCDE bezalako erakundeek zalantzan jarri izan dutela Espainiako Erresuman justiziak politikarekiko duen menpekotasuna.