Dirudienez, Bizkaian ere aurrekontuei buruzko eztabaida izango dugu azkenean, datozen egunotan, datorren astean agian, deitzekoa litzatekeen osoko bilkuran. “Dirudienez” esaten dugu, oraindik gai horren inguruko albiste argirik jaso gabe jarraitzen dugulako, aurrekontuek bizkaitar guztientzako sekulako garrantzia duten arren. Espero dezagun oraingo honetan eztabaida ez atzeratzea, hasiera batean abenduan 28ko data zeukan eta.
Une honetan, urtarrilean jada, aurrekontuak luzapen tekniko fasean sartuta, agerikoa da zer nolako zailtasunak dituen EAJk akordioak lortzeko eta zer nolako gabeziak dituen aurrekontuak kudeatzeko. Eta gogora dezagun, bide batez, aurrekontuak ezinbestekoak direla Bizkaian pairatzen ari garen larrialdi sozioekonomikoari berehala aurre egiteko.
Testuinguru honetan, ekimen instituzionala inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, non egon da Jose Luis Bilbao orain arte? Lehenago, oporretan; gero Juan Mari Aburtok Urkulluren Gobernura joanda sortutako arazoa konpondu nahian, eta azkenean, antza denez, PPrekin akordio bat negoziatzen Bizkaiko aurrekontua ezusterik gabe onartzea bermatzeko. Alegia, Rajoy, Urquijo eta Basagoitirena ere izango litzatekeen aurrekontua.
EAJ-PP balizko akordio hori, EAJk Araban aurrekontu luzatuari egonkortasuna emateko, Bizkaiko PPren babesaren truke, ez da zerotik sortzen edo ateratzen. Azken batean, EAJk proposatu duen aurrekontua eskuinekoa da eta, beraz, eskuineko beste alderdi batek arazorik gabe defenda dezake. Are gehiago, EAJ eta PP egun negoziatzen ari omen diren aurrekontuak ultraeskuinekoak izango direla esan genezake, PP Madriletik inposatzen ari den politikak ederki asko ezagutzen ditugulako.
Eta ezin dugu ahaztu Madrileko Komunitateko Gobernua murrizketen eta pribatizazioen erregea dela. Hori guztia dela eta, EH Bilduren ustez, kontraesankorra da, batetik, espainiar Gobernuaren inposaketen aurka azaltzea, hala nola, langile publikoei aparteko ordainsaria kentzearen aurka, baina bestetik, bizkaitarren aurrekontuak inposaketa eta murrizketa horiek dakartzan alderdiarekin berarekin hitzartzea. EAJk ez du zalantzarik izan PPrekin hitzarmenak egiteko orduan, Rajoyren alderdiarekin, kopagoa ezarri duena, Euskal Herriko udalak ezabatu nahi dituena, eta autogobernua bertan behera utzi nahi duenarekin.
EAJ eta PPren arteko balizko akordio horren ikuspegitik hartu beharko litzateke Basagoitik pasa den asteburuan medioen aurrean eginiko agerraldia. Jose Luis Bilbaoren alderdiarekiko aldeak markatu zituen, Araban EAJri arazoak sor diezazkiolako, baina, EH Bilduk behin baino gehiagotan adierazi duenez, EAJk gustuko du kromoak trukatzea, eta orain politika egiteko modu horren adibide argi baten aurrean gaude, azken orduko eta erlojuaren kontrako negoziazio baten bidez.
EH Bilduk ukatu nahi du, halaber, EAJk noizbait plazaratu duen hipotesia. Ez dugu, eta inoiz ez dugu izan, PSErekiko inolako akordiorik Gipuzkoan aurrekontuak onartzeko eta Bizkaikoak eta Arabakoak, ordea, atzera botatzeko. Logikoa da, hala ere, ezkerretik antzeko irakurketa politikoak egitea gehien dutenen zerbitzura eginiko aurrekontu batzuk aztertzeko orduan.
Bazen garaia Bizkaiko aurrekontuen berri izateko! Berretsi behar dugu herrialde honetan pertsonen aldeko –eta ez porlanaren aldeko– aurrekontu-eredua ezartzearen alde EH Bilduk egiten duen apustua, Bizkaiko berpizkunde ekonomikoa sustatzeari begira enplegua sortzeko politika aktiboak planteiatzeko, eskualdeetan arreta berezia ipiniz eta Gizarte Gaietako Departamentua indartuz, besteak beste.