Alternatiba Gazteak-eko bozeramaile Diana Urreak herritar guztiei dei egin die euskal gazteriaren eskubideen alde kalera ateratzera, Eleak mugimenduak hurrengo larunbaterako, hilak 19, Donostian egingo duen manifestaziorekin bat eginda. Era berean, aldarrikapen berdinarekin gaur eta bihar Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan antolatutako kontzentrazioekin bat egitera deitu du. “Euskal Gazteria. Libre eta Legala” lemapean, larunbateko manifestazioa eguerdiko 12.30etan Boulevardetik abiatuko da eta hiriburuko kaleak zeharkatuko ditu Euskal Herriko Gazteriaren eskubide zibilak zein politikoak aldarrikatuz.
Urreak, alderdi ezkertiarreko gazteen taldeko kide eta Gasteizko ganberako legebiltzarkide gazteena, bizi dugun egoera ulertezina salatu du: “Euskal herriarentzat bakea eta normaltasun politikoa lortzear gauden garai itxaropentsu hauetan, onartezina da oraindik ere gazte jazarriak, atxilotuak, epaituak, kondenatuak eta iheslariak egotea politikan aritze hutsagatik”. Horrez gain, Espainia eta Frantziako gobernuei leporatu die “behin eta berriro pertsonen oinarrizko eskubideak, eskubide zibil zein politikoak neurri zapaltzaileekin urratzea”.
Bestaldetik, Alternatiba Gazteak larunbateko manifestazioan gizarte osoaren mezu bateratu bat bidaltzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta “norbaiten etxean indarraren bitartez sartzean, gure etxea ere inbaditzen ari direla” gogorazita. Gazteek bizi duten errepresio egoera honen aurrean, babesgabetasun egoeran bizi direnentzat zubiak eraikitzera eta laguntza luzatzera deitu du.
Diana Urrea bera izango da Alternatibaren ordezkaritzaren baitan Donostiako manifestazioan eta, besteak beste, Gipuzkoako Koordinatzailea Xabier Soto ere izango da bertan harkein batera.