Alternatibaren Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak deitoratu egin du Bizkaiko Aldundiaren eta Barakaldoko Udalaren arteko eskumen eztabaida, Lutxanako tuneletan eman diren bortizkeri matxista gertaerak ekiditeko irtenbideak bilatu ez dituztelako. Egoera hau dela eta, Vegak bi erakundeei “merkatal gune erraldoien zerbitzura diseinatutako eredu urbanistikoekin, zaintza lanak eta gehienbat hauek egiten dituzten emakumeei bizkarra ematen diena” aldatzeko eskatu die eta aldi berean, Barakaldoko emakume taldeek osatutako leku arriskutsuen txostena aintzat hartzeko.
Bizkaiko Alternatibak genero ikuspegia galdegin du hiri eta herrietako hirigintza planifikatzeko orduan, “emakumeentzat debekatuta dauden lekurik ez egoteko horietan erasoak pairatzeko arriskua sentitzen dutelako”. Ildo horretatik, azpimarratu nahi izan dute Argitan talde feministak duela 4 urte salatu zituela hiriak dituen gune beltzak, “Lutxanako pasabidearena bezalakoak, Udalak horiek konpontzeko ezertxo ere egin ez duen arren eta, gerora, iazko urrian bezala, erasoak eman diren lekuak”. Hala, Vegak eskuduntzekin aitzakiak jartzea leporatu dio Tontxu Rodriguez alkateari, “ez al zaio nahikoa iruditzen bortxatu dituzten emakumeak berak gobernatzen duen udalerrikoak izatea?”.
Edonola ere, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du hirigintzatik segurtasun eza beharrezkoa diren konponbide guztiak ez ezik, ezinbestekoa dela indarkeria matxistaren jatorriaren aurka egin, izan ere, eraso sexualak ez dira “ez zoriagatik ezta kasuistikagatik ematen, emakumeen aurkako indarkeria darabilten gizonezkoak existitzen direlako baizik, patriarkatuaren adierazpenik bortitzena baina inondik inora bakarra”. Hori dela eta, Vegak gizartean eman beharreko “errotiko aldaketaz” hitz egin du, “emakumeak babestu beharreko biktimak gehiago ez izateko”. Aldaketak, alabaina, udal erakundeek Barakaldon gertatzen diren hainbat ekitaldiren aurrean zer edo zer esatea eskatzen du, “bertoko diskoteketan jai sexistak egiten direnekoak kasu, zeinetara jendea erakartzeko emakumeen sasi zozketak egiten diren”.