Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du mendekotasuna duten pertsonentzako prestazio ekonomikoak handitzea, hartara etxean zaintzeko laguntza pertsonala kontrata dezaten. Horrela onartu zuen atzo Diputatuen Kontseiluak. Hemendik aurrera, prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, mendekotasun larriko pertsonek ez ezik (III. gradua), mendekotasun handiko gipuzkoar guztiek (II. gradua) eta mendekotasun arineko batzuek (I. gradua, 2. maila).
Guztira ia 12.500 pertsona daude Lurraldean gradu horietako batekin balioetsita; beraz, horiek guztiak izan daitezke Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoa handitzearen onuradun. Prestazio hori etxeko zaintzako gastuak ordaintzeko da. Prestazioaren gehienezko zenbatekoa 833,96 euro da hilero mendekotasun larria dutenentzat, eta 300 euro mendekotasun arinekoentzat.
Laguntza horiek handitzeko, Foru Gobernuak Mendekotasun Legearen interpretazio zabala egin du. Ondorioz, Gipuzkoa da Espainiako Erreinuko Lurralde bakarra beste gradu horiei lagunduko diena. Une honetan, Estatuan 1.300 Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomiko daude emanak; horietarik, 1.190 Gipuzkoan.
Hemendik aurrera, pertsona gehiagok izango dute aukera prestazio hori izateko eta, horrela, laguntzaile pertsonal bat kontratatzearen gastuei aurre egiteko. Foru Aldundiak 2012an 8.713.000 euro gastatu zituen Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoan. Aurreikusten duenez, neurri berriak urtean 600.000 euroko gastua ekarriko du, eta haren kontura 163 kontratu berri egingo dira 2013 Gipuzkoan.
Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak prentsaurreko batean eman du erabaki horren berri, eta nabarmendu duenez “mendekotasuna duten pertsonek beren ingurunean ahalik eta denbora gehien eman dezaten, Gizarte Politikako Departamentuak hori sustatzen duten politikak indartzea du ekitaldi honetarako lehentasunetako bat. Hori dela eta, gure ustez, ezinbestekoa da talde horri behar adina lanabes ematea autonomia pertsonala izan dezaten etxean bertan, hartara beste baliabide batzuk, egoitzak esaterako, bestelakoak ezin eta orduan erabil ditzaten”.
“Lanabes” horiek hauek dira: batetik, zerbitzuak (Eguneko Zentroak, Etxeko laguntza zerbitzuak edo Sendian zerbitzuko aldi baterako egonaldiak); eta, bestetik, prestazio ekonomikoak. Azken horien artean, Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoak aukera ematen du mendekotasuna duten pertsonek behar duten laguntza pertsonala finantzatzeko. Laguntzaile hori pertsonaren etxean aritzen da, familiako laguntzaileei laguntzen.
“Gizarte Politikako Departamentuak 2012ko aurrekontuetan egin zuen ahalegin handiena zenbait zerbitzutako plaza kopurua handitzea izan zen. Horrela, 250 plaza berri sortu zituen egoitza eta eguneko zentroetan. Horri esker, egoitza baliabideetako itxaron zerrendak ia % 26 murriztu dira. Eta 2012an egindako lan hori borobiltzeko, 2013an beste zenbait politika egingo ditugu mendekotasuna duten pertsonek etxean bertan jarrai dezaten; prestazio ekonomikoak ematea, esaterako”, azpimarratu du diputatuak.
Gogorarazi duenez, ahaleginik handiena Espainiako Gobernuak onartutako Mendekotasun Legearen gaineko murrizketei aurre egitea izan da, bertan egungo prestazioen gaineko % 15eko murrizpena ezarri baitu. Gipuzkoan laguntzek beren horretan jarraituko dute (2012/9/5eko Diputatuen Kontseiluaren erabakia). Horrek urtean 10 milioi euro gehiago inbertitzea dakar.