Alternatibako bozeramaile Jonathan Martinezek Kataluniako Parlamentua zoriondu nahi izan du gaur, berriro ere, bere subiranotasunaren defentsaren alde egin duelako, “Espainiako Estatuak aurretik urratu duen subiranotasuna, hain zuzen, Estatut berria Kataluniako Legebiltzarrean onartu zen arren azkenean murriztu eta edukirik gabe utzi zutelako”.
Egoera hau dela eta, talde ezkertiarretik alderdi kataluniarrak premiatu dituzte “beraien subiranotasuna erakundeen adierazpenen gainetik defenda” dezatela eta “adierazpena ez dadila ezerezean gelditu; horretarako, beharrezkoa balitz, Estatuaren aurrean benetako desobedientzia erabilita, herriaren gehiengoaren babesa eta legebiltzarraren berrespena dutelako”.
Martinezek, alabaina, ez ditu CIU, ERC eta ICVk hitzartutako idatziaren “gabeziak” ahaztu nahi izan: “Batetik, Herrialde Katalanak bere osotasunean kanpoan utzi dituzte, Kataluniatik haratago doan errealitate nazionala izanik; eta bestetik, kapitalean eta herrien eskubideen ezeztapenean oinarritzen den Europar Batasunera jaso da inolako kritikarik gabe, eta Kataluniako gizartea horren inguruan hitza hartu gabe”.
Hala ere, Alternatibatik Kataluniako Legebiltzarrari zein gizarteari emandako zorionak berretsi dituzte, “azken finean, gizartea izan delako mobilizazioaren bidez gaurkotasun politikoa eta sozialaren lehen planoan burujabetzaren aldarrikapena kokatu duena”. Horrexegatik, adierazpena “Kataluniako herriaren askatasun nazionalerako urrats berri” gisa hartu dute baina, beti ere, “hemendik aurrera gehiengo herritarrek egin beharreko bidea dela nabarmenduz, beren ordezkari politikoetatik haratago”.