Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Iñigo Urkulluri exijitu dio gaur lehendakariak berak dioen bezala “larrialdiko egoeraren aurrean bagaude, Abiadura Handiko Trenerako diru publikoa bideratzeari utz diezaiola, EAEko biztanleen oinarrizko eskubide eta zerbitzu sozialak blindatu ahal izateko”. Eskaera egin du Ana Oregik sailburuak Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin AHTari buruz hitz egiteko gaur egin behar duten bileraren harira.
Bilera honen aurrean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Urkulluren gobernuko Ingurumen eta Lurralde Politikako arduradun Oregiri eskatu dio “mahai gainean jarritako datu guztiak euskal gizartearekin partekatzeko: epeak, azpiegitura honekiko dituzten konpromiso zein asmoak, Burgos eta Gasteiz arteko ibilbidearen bilakaera eta gainerakoak”.
Bestaldetik, Matutek salatu du Eusko Jaurlaritzak hurrengo aurrekontuetan 1.200 milioi euroko murrizketak iragarri arren AHTerako finantziazioaren eutsi diola, gerora berreskuratu daitekeen aurrerapen gisa izan arren, “bide okerretik doazela berrestetik haratago doa, izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren bizi baldintzek okerrera egingo dutela baieztatu ere egiten dute, 350 milioi euro bideratzen baitituzte inolako errentagarritasun sozialik eta bideragarritasun bermerik gabeko azpiegitura baterako”.
Azkenik, Alternatibatik nabarmendu egin nahi izan dute “une honetan obren exekuzioek enpresei baino ez dietela mesede egiten, euskal gizartean pobrezia zabaltzen den bitartean; eta AHT 2018rako martxan egoteak, horrekiko zalantza handiak dauden arren, zertan hobetuko du langabezian eta eskubide sozialik gabe dauden herritarren bizitza?” Horrexegatik, Matutek galdegin dio lehendakariari aitor dezala “AHT beste garai bateko jokabide megalomanoei erantzuten dien proiektua dela” eta eskatu dio “pertsonen bizitza duinak ardatz hartuta gobernatzeko, eta ez porlana eta ingurumenaren suntsipenerako”.