Oskar Matuteren hitzetan, “EAJk iruzur egiten dio euskal gizarteari 350 milioi euro inora ez doan tren batera bideratu nahi dituelako, Hezkuntza, Osasun eta gizarte politiketan murrizketak iragartzen dituen bitartean”.
Egungo krisi garai larri honetan edozein gobernuren lehentasunak oinarrizko zerbitzu sozialak bermatzea izan behar duela eta aurrekontu publikoak helburu horretara bideratu behar dituela jabeturik, EH Bilduk funtsezko irizpide horri jarrai diezaiola exijituko dio Eusko Jaurlaritzari Legebiltzarrean eta, horren ildotik, Abiadura Handiko Trena finantzatzeari utz diezaiola eta horretarako erabiltzen ari den dirutza zerbitzu publikoak bermatzeko erabil dezala eskatuko du legez besteko proposamen baten bitartez.
Ingurumen sailburuak eta Sustapen ministroak atzo Madrilen izandako bileran AHTri beste bultzada bat ematea adostu eta gero, Oskar Matute legebiltzarkideak “euskal gizarteari iruzur egitea” egotzi dio Jaurlaritzari, “aurten AHT finantzatzeko 350 milioi euro gastatu nahi dituelako, oinarrizko zerbitzuetarako dirurik ez dagoela dioen bitartean”. EH Bilduren ordezkariaren esanetan, “hainbeste pertsona hain gaizki pasatzen ari den honetan onartezina da inora ez doan tren batean dirutza hori inbertitzea eta aldi berean Erkorekak eta gainontzeko sailburuek Hezkuntzan, Osasunean eta gizarte politiketan murrizketak iragartzea, dirurik omen ez dagoelako. Argi dago dirua egon badagoela, baina EAJk lehentasuna ematen dio AHT ordaintzeari eta enpresa handi batzuk aberasteari, euskal gizarteak behar-beharrezko dituen zerbitzu publikoak bermatzeari baino”.