2010ean gobernu sozialistak Lurralde Antolaketarako Artezpideen berrikusketa hasi zuen. Berrikusketa hori gelditzeko eskaera egin dio gaur Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, EH Bilduk aurkeztu duen ekimenari kasu egin eta EAJrekin batera egin duen erdibideko zuzenketa onartuta. Horrela, bi puntu dituen erdibidekoan Jaurlaritzari eskatu zaio 2010ean hasitako berrikusketa bertan behera utz dezala, eta horren ordez, berria abiatu dezala. Berrikusketa horrek oinarrian izan beharko lituzke “gaur egungo testuinguru ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa, genero ikuspegia, kulturala eta paisajisitikoa”, eta guzti hori “herritarren parte hartze zabalarekin egin beharko lizateke”.
Oskar Matute legebiltzarkideak defendatu du EH Bilduren ekimena Eusko Legebiltzarrean eta lurralde antolaketaren arloan gaiak duen garrantzia azpimarratu du: “eztabaida hau sakonera berezia duen eztabaida politikoa da, erabaki hauen ondorioz erabakitzen dugulako zer nolako lurralde banaketa gura dugun, non eta nola ezartzen ditugun ekipamendu eta azpiegieturak, interes jakinen arabera. Alde batetik, interes monetaristak eta merkatuenak ditugu; bestetik, herritarrak berdintasunez tratatzen dituen pertsona arrunten interesak”.
Horrela, “PSEk artezpideak aldatzeko erabili zituen oinarri kapitalista eta desarrollistak albo batera utziko ditugu”. “Hemendik aurrera, EH Bilduk defendatuko du abiatuko den berridazketa irizpide jakinen arabera egin dadila: eskualdeen garapen orekatua bilatzea, lurraren erabilera anitza eta optimizatua izatea, pertsonen arteko elkartasuna sustatzea, ingurumenarekiko iraunkorra izatea eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna bermatzea”, gaineratu du Matutek.