Alternatibaren Bilboko Asanbladako militanteek Irrati Libre eta Komunitarioen inguruko bideo-erreportajea egin dute, Bilboko Tas-Tas Irratiko eta Gasteizko Hala Bedi Irratiko ordezkariak elkarrizketatuz, beren eragin eremuetan gehien errotuetako hedabide alternatiboetako bi, alegia; hamarkadak baitaramatzate ahotsik ez dutenen ahotsa izaten, tokiko errealitateari begira FM bidez emitituta zein beren uhinak mundu osora zabalduta Interneteko emisioen bitartez.
Biak ala biak dira, gainera, Euskal Herriko hogeitik gora irrati libre biltzen dituen Arrosa Sareko kide, haien arteko elkarlana sustatzeko martxan jarritako proiektua, euskarazko irratsaioak elkar trukatuz edota beren kideen trebakuntza hobetzeko tailerrak prestatzen.
Elkarrizketen bidez, komunikazio proiektu herritar hauen sorrera eta garapena, Eusko Jaurlaritzak egin eta bertan behera utzitako azken lizentzia lehiaketa edota irrati libreek inguruko eragile sozialekin dituzten harreman zein elkarlanaren berri ematen da bideoan. Erreportajea Alternatibaren YouTubeko katean zein webgunean ikus daiteke dagoeneko. Euskaraz grabatu izan da eta 11 minutu inguruko iraupena dauka.