Egun esanguratsua dugu Martxoaren 8a: emakume langileen nazioarteko eguna. Oraindik ere nabarmendu beharra daukagu, ordea, “langilea” esaten dugunean, lanaren izaera integralaz ari garela. Izan ere, sistema patriarkalaren zutabeetako bat sexuen arteko lan-banaketa da, eta horrek arlo produktiboko enpleguari ematen dio lan izaera; soldatapeko lanari. Zaintza-lanak eta etxeko lanak ikusezin bihurtzen ditu, eta lan izaera bera ere ukatu egiten die. Lan banaketa hori gainditu, eta enplegua ez ezik, zaintza- eta etxeko lanak erdigunean kokatu ditugu, beharrezkoa dugun errekonozimendua exijituz.
Euskal herritarron bizi-baldintzak okertzen ari dira nabarmen eta murrizketek emakumeoi eragiten digute bereziki. Batetik, lan munduan areagotzen ari den prekarietate-egoeragatik; eta, bestetik, zerbitzu publikoen murrizketek emakumeon bizkar uzten dituelako sektore publikoak bere gain hartzen ez dituen lanak, pertsonen ongizateari eta zaintzari lotutakoak. Pertsonen garapenari eta ongizateari dagozkien zerbitzuen murrizketek ez dute etenik, zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta osasun-sisteman, batez ere. Egoera honetan, emakumeon bizi-baldintzak gogortzen ari dira.
Enplegu formala prekarietatearen sinonimo bihurtzen ari da gero eta sektore zabalagoentzat. Horrekin batera, pertsonon bizitzako arlo guztietan prekarizazio izugarria eragiten ari da. Oinarrizko elikagaien eta zerbitzuen prezioak ikaragarri igo dira, jakien bankuetan emakumeak ageri dira batez ere, eta pobrezia energetikoa ezagutzen ari gara argindar eta gasen kontsumoak murriztuz. Gainera, emakumeon lan baldintzak zein soldatak behera doaz, lan informalak gora egin du, eta gero eta gehiago gara soldatarik ere ez dugun emakumeak.
Emakumeon enplegu- eta soldata-baldintzek okerrera egin duten arren, emakumeok inoiz baino lan gehiago egin behar dugu orain. Lana ez baitzaigu gutxitu. Aitzitik, lan gehiago hartu behar izan dugu gure gain 0-3 urte bitarteko zentroen itxierak eraginda baita haur eskolen murrizketak, eguneko eta zahar etxeen itxierak, eta zerbitzu sozialen murrizketak eraginda ere. Zaintza kolektiboari ere eutsi behar izan diogu, sortu diren behar afektibo-psikologikoei eutsiz. Etxeko lanak eta zaintza-lanak soldatapeko lana bezain beharrezko lanak dira. Gehiago oraindik: pertsonon ongizatean ezinbestekoak dira. Jendartea sufritzen ari den egoerari aurre egiteko, norbanako, familia, auzo eta herrietan sortu diren egonezinei aurre egiteko, zaintza lanetan gizonek ere parte hartu behar dutela aldarrikatzen dugu; emakumeok zainduak izateko eskubidea eta beharra dugula aldarrikatzen dugun moduan.
Lanaren ikuspegi integrala aldarrikatzen dugu eta gure jarduera politikoan, kalean nahiz instituzioetan, etxeko lanak eta zaintza-lanak ikusezintasunetik atera eta politikaren erdigunean kokatzen ahaleginduko gara, merkatuen logikatik ihes egin eta bizitzaren zerbitzura, hau da, pertsonon zerbitzura jarriz.
Egoera honi aurre egiteko, zera aldarrikatzen dugu EH Bilduko emakumeok: ezinbestekoa da emakume eta gizonen arteko botere-harremanak gainditzea eta harreman-eredu berriak sortzea. Egungo egoerari aurre eginez, klabe feministan jendartea eraldatzea dugu helburu. Horretarako, espazioak eta baliabideak birbanatu behar dira, erabakiak hartzeko eta parte hartzeko esparruak eskuratu eta zaintza-lanak eta ordaindutako lana orekaz banatu.
Gaurkoa bukatu baino lehen, inposatu nahi dizkiguten murrizketei aurre egiteko konpromisoa hartu nahi dugu: emakumeon bizi-baldintzen prekarizazioari aurre eginez, zerbitzu sozialak hobetuz, zaintza-lana errekonozituz, emakumeak nagusi diren enpleguen baldintza prekarioak hobetzeko lan eginez eta ezkutuko lan-merkatuan aritzen diren emakumeen egoera hobetzeko bitartekoak exijituz.
Azkenik, eskuinetik datorkigun ofentsiba erasokorraren aurrean, ezin aipatu gabe utzi emakumeon erabakitzeko eskubidearen kontra Espainiar Estatuak Abortuaren legea aldatuz egin nahi duen inboluzioa. Aurrez aurre izango gaituzte, gure gorputza geurea baita. Aldarrikapen historikoa berreskuratu eta kalera aterako gara mugimendu feministarekin bat eginda. Oraindik ere, XXI. mendean, gure gorputzaren gaineko kontrola eta erabakia ukatu nahi baitizkigute.
Hemen gaur bildu garenok gure egiten dugu feminismoaren eta mugimendu feministaren aldarrikapena eta bide horretan dinamika politiko eraginkorra sustatzeko ardura. Eta martxoaren 8rako mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetan parte hartzera deitzen zaituztegu, denon ardura delako Euskal Herri feminista sortzea.
MARTXOAK 8, DENOK KALERA!!!!
Altsasu 19:00 plazan
Arrasate 19:00 Seber Altube plaza
Baionan 18:30 Herriko etxea
Barakaldo 12:00 Herriko plaza
Barañain 19:00 udaletxe plaza
Basauri 17:00 Arizgoiti plaza
Bilbon 19:30 Arriaga
Donostian 19:30 Boulevard
Durangon 20:15 Santa Ana Plazan
Gasteizen 20:00 San Anton
Irunean 20:00 gaztelu plazan
Itzulbaltzeta 20:00 Santa Eugenia Plaza
Legazpi 19:00 Euskal Herria plaza
Leioa 20:00 Boulevard-en
Ondarru 18:00 Alamedatik
Urretxu-Zumarraga 19:00 Areizaga kaleibarren