EH Bilduk Legebiltzarrak adierazpen instituzionala onartzea proposatu du, Hugo Chavez presidentearen heriotza dela-eta bere dolumina helaraz diezaion Venezuelako herriari, Chavez “duintasun politikoaren, zintzotasunaren eta espiritu demokratikoaren eredu” izan baita. Proposamena atzera bota dute gainontzeko taldeek.
EH Bilduk proposatutako testuak Chavezen jarduna aintzat hartzen du, “bere politikak eskubide eta askatasun berdintasuna eraman baitzuen Venezuelara, eta aberastasuna modu bidezkoago batean banatzea” ere ahalbidetu zuelako. Halaber, “interes ekonomikoen ondorioz mendeetan zehar espoliatutako herri bati duintasuna itzuli zion”. Labur esanda, “desberdintasun sozial, ekonomiko eta politiko handiak pairatzen zituen herri bat sozialismoan oinarritutako berdintasun egoera berri batean kokatu zuen” Chavezek.
Venezuelako presidenteak “berpizte demokratikoa sendotu zuen eskualde hartan” eta, berari esker, “Hego Amerika benetako alternatiba bakar gisa agertzen da gaur egun, herriak eta pertsonak esklabizatu egiten dituen kapitalismoaren aurrean”. EH Bilduk, beraz, Venezualako herriari deitu dio “iraultza bolivartarraren bidean lanean jarraitzera”.