Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren erabakia deitoratu du, gaur goizean ezagutzera eman denez Herrira kolektiboak hilaren 16an eta 20an Tafallan eta Iruñean deitutako elkarretaratzeak debekatu egin baitituzte, giza eskubideei errespetua aldarrikatu eta Estrasburgoko auzitegiak iaz erabakitakoa betetzea exijitzeko helburua zuten arren; honek Espainiako Erresuman aplikatzen duten 197/2006 doktrinaren aurka egin zuen: “Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpen baten arabera pertsona guztien eskubide guztiak kalean aldarrikatzea debekatzea faxismotik hurbil dago eta Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa ezartzea oztopatu besterik ez du egiten”.
Alderdi ezkertiarretik kezka azaldu dute Carmen Alba Gobernuaren ordezkariarena bezalako jarrerekin manifestatzeko eskubidea urratzen ari direlako, manifestazioek Ines del Rioren izena erabiliko dutela aitzakia bezala jarrita, “erabat logikoa” denean, kontuan izanik Estrasburgok iaz hartutako erabakiaren arabera Parot doktrinak Tafallako presoaren giza eskubideak bortxatzen zituela.
Matutek gogorarazi duenez, pertsona guztien giza eskubide zein eskubide zibil eta politiko guztien defentsaren aitortzatik, “argi dago presoen eskubideak behin eta berriro urratzen ari direla dena ETA dela ziurtatzen duen irakurketarekin eta zigor bikoitzak ezarrita, presoei zein beren senitartekoei”. Ildo beretik, EHU-UPVko bi irakasleren kontra gaur abiatutako prozesuaren atzean dauden interesak salatu nahi izan ditu, izan ere, “AVT bezalako erakunde batek egiten baitu zigor eskaera, bakegintzaren aurka dagoena”. Presoei tutoretza lanak egin izanagatik auzipetu dituzte eta, beren lana besterik egin ez dutela sinetsita, Alternatibaren elkartasuna helarazi nahi izan die euskal legebiltzarkideak.