Modas Marialuz saltokiaren aurrean kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian EHBilduko 30 bat lagunek, tartean Alternatibako Oskar Matute, Ana Etxarte eta Asier Vegak. Langileekin batera eta elurpean salatu dute langileak lan erreforma baliatuta kaleratu nahi dituztela, kaleratzi ordainik ordaindu gabe ere. Matutek berak eta Sortuko Maribi Ugarteburuk hitz egin dute EHBilduren izenean, eta Maribi Luquek langileen ordezkari gisa.
Krisia gogor ari da kolpatzen Euskal Herria. Krisiaren aitzakiapean, patronalak eta hainbat enpresarik kaleratzeak biderkatu eta lanpostuak suntsitzen ari dira. Espainiar gobernuak onartutako erreformak eta neurri gogorrak baliatzen dituzte horretarako eta horrek ondorio latzak ditu gizartean eta gure ekonomian.
Rajoyren lan erreformarekin, enplegua sortu ordez, langabezia tasak biderkatu egin dira Euskal Herrian, eta sektore guztiak eta kontratazio modalitate ezberdinak kaltetu ditu. Horrela, hamarkadetan lortutako lan eskubideak eta hobekuntzak ezabatzen ari dira eta prekarietateari ateak ireki zaizkio parez-pare.
Enpresa handietako kaleratze masiboei buruz hitz egiten duten titular handiez harago, Bizkaian badira oharkabean pasatzen diren kaleratze asko.
Kaleratze hauek ez dira ohiko hedabideetako albisteetan agertzen, baina pertsona asko ari dira geratzen langabezian kaleratze horien ondorioz, eta mota honetako lanpostu gehiegi deuseztatu dira dagoeneko, lan erreformak eskaintzen dituen erraztasunen erruz. Hau da: langileak inolako kosturik gabe kaleratzeko aukera ari dira baliatzen gaur hemen dugun gisako hainbat tailer eta enpresa ertainetan.
EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi die gaur Modas Marialuzeko langileei, haien lanpostuen defentsan modu eredugarrian jokatzen ari direlako.
Azpimarratu nahi dugu, baita ere, Lan Erreforma honen ondorio latzak apaltzeko hainbat neurri hartzea posible dela. Erakunde publikoen kontratazioetan klausula sozialak bermatzea posible da eta posible da baita ere Herrialdeetako Lan Hitzarmenen defentsa egitea. Batzuk, ordea, nahiago dute Madriletik datozen politika antisozialei bide ematea eta lege injustu horiek aplikatzera mugatzen dira.
EH Bilduk, ordea, gobernatzen duen erakundeetan ari da dagoeneko neurriok bultzatzen. Era berean, enpleguaren eta lanaren banaketaren alde jarraituko dugu lanean, eta langileekin batera egongo gara lanpostuak defendatzen.
EH Bildutik oso argi daukagu egoera honen irtenbidea eredu sozial eta ekonomikoaren aldaketan dagoela eta herri honen subiranotasunerantz urratsak ematea dela gakoa, lan harremanetarako marko propioa izan dezagun.
Horregatik, aukera hau baliatu nahi dugu euskal herritar guztiei dei egiteko datorren larunbatean, martxoak 16, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde, enpleguaren defentsan, EH Bildu kalean izango da. 17:30etan, Bihotz Sakratuaren plazan ikusiko dugu elkar.
https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/892698_619283818088938_1472824220_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/894846_619283608088959_1932649652_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/892296_619283474755639_396928830_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/887503_619283488088971_235733170_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/885693_619283588088961_59856238_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/135179_619283698088950_1124515319_o.jpg