Koalizioak Legebiltzarrean Arartekoak egin duen agerraldia entzun ostean berretsi du bere iritzia. Lamarcak adierazi du berak Jaurlaritzak ez ziola eman Arartekoak eskatu zion informazio guztia.
EH Bilduk egindako eskariari jarraituta, Iñigo Lamarca Arartekoak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Xuban Nafarrateren kasuaren harira daukan iritzia azaltze aldera. Hilaren 11n Joseba Nafarrate Xubanen aitak ere hitz egin zuen legebiltzarreko batzordean (bideoan doa hanemandakoa). Nafarratek 2012ko martxoaren 29an egin zen greba orokorrean parte hartu zuen, eta egun hartako istiluetan larri zauritua suertatu zen. Familiaren eta testigu batzuen arabera, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz zauritu zen. Horren aurrean, Nafarrate familiak epaitegietara jo eta Ertzaintzaren aurka salaketa jarri zuen. Epaileak, ordea, salaketa artxibatzeko erabakia hartu du.
Oskar Matute legebiltzarkideak Arartekoaren iritzia entzun ostean adierazi du Herrizaingo sailak izan duen jarrera “anormala eta oztopatzailea” izan dela. Rodolfo Aresek nahita ez dio eskatutako informazio guztia eman Arartekoari. Jokabide “anormal eta ilogiko” horren aurrean, EH Bilduk bere kezka adierazi du eta Legebiltzarrean aldarrikatu du, aurrerantzean, Arartekoak indarraren erabileraren inguruan egindako gomendioak derrigorrez bete beharrekoak izatea.
Matutek gogoratu du auzi honen inguruan Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak agindutakoa ez dela oraindik bete. Jaurlaritzak barne ikerketa bat agindu zuen eta Legebiltzarrak auzia jarraitzeko batzorde bat sortzea erabaki zuen. “Ez dira ez bata ez bestea bete”, esan du Matutek. Ildo horretatik, koalizioaren ordezkariak sailburuari eskatu dio ikerketarik egon den argitu dezala, eta baiezko kasuan, horren inguruko informazioa argitara ematea.
Bestalde, EAJri oposizioan defendatu zuen jarrera bera mantendu dezala eskatu dio. Horrela, Ertzaintzak gomazko piloten erabilera bertan behera utzi beharko luke eta ikerketa batzordea sortu beharko litzateke. “Hala izan ezean, gizarteari iruzur egingo lioke EAJk”. Bukatzeko, esan du EH Bilduk lanean jarraituko duela “2012ko greba orokorrean gertatu zena argitu dadin eta pertsona ororen eskubide oro errespetatuak izan daitezen”.