Bildu Udal Taldeak orain dela urte bat martxan jarri zen Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako auzoetarako Plan Komunitarioa inpakturik izan ez duela salatu du gaur goizean.
Ana Etxarte zinegotziak aipatu duenez, 3 planekin kontatu arren eta lehenengoa landu zenetik 13 urte pasa direlarik, “udalak oraindik ez du esku-hartze serio, koherentea eta integrala egin auzo hauetan. Alderantziz, gizarte laguntzetan, esku-hartze soziala lantzen duten eragileen baliabidetan eta enplegua bermatzeko formakuntzan murrizketak egiten jarraitu du”.
Zinegotziak bere desadostasuna erakutsi du planari emandako enfokeagatik, helburu nagusi bezala bizikidetzako arazoak konpontzea proposatzen duelako eta ez auzo hauek dituzten arazo nagusiak, pobrezia, bazterketa soziala eta langabezia gainditzea.
Etxartek auzo hauek jasaten duten langabezia tasa aipatu du. 2011an Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalan langabezi tasa %35,5a zen bitartean, Bilbon %11,4koa zen. Gainera, gazteek eta epe luzerako langabetuek kaltetu nagusiak dira, 16-24 urte bitarteko gazteen artean %56,8 portzentaia baitu eta langabezian dauden pertsonen %40a baino gehiagok bi urte baino gehiago daramatzate lana bilatzen.
Bilduk auzoetako mugimendu asoziatiboarekin adostutako plangintza bat egitea presazkoa dela uste du, auzoetako errealitate eta aukeretan oinarritutako proposamenei esker, auzoetan bizi diren norbanako eta kolektiboen ongizatea bermatzeko esku-hartze sozial, ekonomikoak eta urbanistikoak jasoz.
Zentzu honetan, Bilduk proposatu du pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzen dituzten laguntza sozialak eta zerbitzuak bermatzea, enplegu duina sortzen dituzten jarduera ekonomikoak babestea, etxebizitza eskubide gisa kontutan hartzea eta pertsona guztiei bizitzeko leku duin bat bermatzea, kalitateko heziketa-eskaintza publikoa, eskola integrazioko eta kultur-aniztun espazioa bihurtuz, bortizkeria matxistaren aurkako borroka era integralean biziagotzea, Komunitate-ekipamenduak eta topaketa guneak sortzea Kultur-aniztasuna, berdintasuna eta bizikidetasuna bultzatzen dituzten kultur eta aisialdiko jarduerak bultzatzeko.