Petronorrek Muskizeko findegian eraiki duen koke planta gaur (apirilak 3) inauguratuko da eta urrats bat gehiago emango da, beraz, Eusko Jaurlaritzak 2008ko azaroan haren instalaziorako ingurumen baimena eman zuenetik, gaur arte eman den inposizio segidan.
Urte hartan, EAJko buruzagi ohi eta gaur Petronorreko presidente den Josu Jon Imazek Petronorren “etorkizun bideragarria”-rekin lotu zuen koke planta. Botere ekonomikoen asmoak agiri-agirian zeuden, kasu honetan petrolio enpresa baten interesak, %86a Repsolen esku eta %14a Kutxabanken esku dituena. Koke plantaren proiektuak, ordea, parez pare izan ditu bertako bizilagunen antolakuntza eta mugimendu ekologista. Osasunaren eta ingurugiroaren alde lan egin dute, biztanleria informatu, mobilizatu eta halako jarduerarekin lotutako instalaziorik etxe ondoan nahi duten ala ez erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
Petronorreko agintariek entzungor egin diete Muskiz eta inguruko biztanleriaren eskariei, koke plantaren proiektuari dagokionean hitza hartu eta haien jarrera argitu nahi izan duten bakoitzean. Are larriagoa da, ordea, Petronorreko agintariek hartu duten bidea. Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak joan den martxoaren 1ean eman zuen epaia, plantaren eraikitzea eta jarduera bertan behera uzten zituena. Petronorreko arduradunek ez dute epaia onartu eta errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri dute. Epaitegiaren erabakiaren arabera, 853 milioi euroko kostua izan duen instalazio horrek ez zuen eraikia izan behar.
Petrolio enpresako agintariek inaugurazio ekitaldirako xehetasun guztiak ondo prestatu dituzte. Segurtasun neurriak indartu dituzte, hainbat langileri jai eman eta gainontzekoei ibilgailu propioan joateko aukera ukatuz. Instalazioaren itxura hobetzeko garbiketa lanak ere egin dituzte, bihar izango duten “ohorezko” gonbidatuari harrera egiteko, Espainiako Errege Etxeko ordezkari Borboiko Felipe, alegia. Espainiako printzea Muskizen izango da bihar 300dik gorako gonbidatu izango dituen ekitaldian. Espainiako Errege Etxeko ordezkariaren gonbitea, inposizio segida honen azken kapitulua da eta garbi erakusten du korporazio handiek halako negozioak ixteko darabilten jokabidea, haien interesak beste edozein konturen gainetik ipiniz beti.
Instalazio berriarekin batera hitz eman diren la postu berriak direla eta, azpimarratzekoa da Petronorrek hainbat langileren kontra erabili dituen mehatxuak. Joan den urtean findegiaren jarduera etenda egon zen erregaiaren prezioan margen nahikorik ez zegoela argudiatuta eta testuinguru horretan Petronorrek erregulazio espedientea aurkezteko asmoa iragarri zuen.
EH Bilduk dei egin nahi die herritar guztiei Muskizko bizilagunei inposatu zaien koke plantaren aurka eta Espainiako printzearen bisitaren kontra antolatuko diren mobilizazio guztietan parte hartzera. Proiektu horrek korporazio handien interesei bakarrik erantzuten die eta inolaz ere ez enpleguaren sorrerari edo eskualdearen beharretara egokitutako garapen ereduari. Petronorrek, inposizioaren bidez, sistema ekonomiko injustua eta ingurugiroaren aurkakoa ezarri nahi du poltsiko gutxi batzuk loditzearen truke.