Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek herritar guztiei dei egin die salbuespen espetxe politiken kontra Herrirak deitutako manifestazio isilean parte hartzeko, “Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean larunbat honetan Bilboko kaleak zeharkatuko dituena. Matutek Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politikak horrela deskribatu ditu: “Euskal presoen oinarrizko eskubideak urratu ez ezik, senide eta adiskideen bisitatzeko eta haien osasunaren berri izateko eskubideak ere zapaltzen dituzten tresna zigortzaileak dira”.
Alternatibatik gogoratu dute Madril eta Parisko gobernuek diseinatutako eta egunez egun praktikan jartzen dituzten espetxe sistemek eragindako giza eskubideen urraketa sistematikoa: “preso gaixoen askatasuna ukatu, dispertsioa eraso psikologiko gisa erabili eta torturatzen dute, Amnistia Internazionala edo NBE bezalako erakunde ezagunek egindako txosten ugarik egiaztatu duten bezala”.
Egoera honen aurrean, eta salbuespen neurrien ondorioz berriki eman diren Lopez Peña eta Figeroa presoen heriotzen harira, Matutek exijitu du “euskal herritar gehiengoaren agindua betetzea eta gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak berehala askatzea”. Salatu ditu ere “dispertsioak dakartzan ondorio larriak, azken egunetan bat gehiago gertatu delarik zerrendara, Jabi Martinez presoaren bi lagunek Jaenetik bueltan ezbeharra izan zutenean”. Bestaldetik, Matutek ez du ahaztu Arkaitz Bellon presoak Sevillako kartzelatik salatutako azken tortura “hainbat kartzelariek eskrupulurik gabe jipoitu zutenean”.
Larritzat jo du, halaber, “Euskal Herriko zenbait politikariren aurka abiatutako inputazioak, gatazka armatu bat izan duten edozein lurraldeetan erabat arruntak eta ohikoak diren adierazpenak egin eta iritziak plazaratzeagatik auzipetu nahi baitituzte”. Jarrera honek, “tamalez, Madrilgo gobernuak herri honetako bakegintza eta normalizazio politikoaren alde inolako urratsik ez egiteko erabakiari erantzuten dio eta, era berean, ustelkeriak gainezka egin duen estatuaren krisi egoeraren gaineko foku mediatikoa beste nonbaitera eraman nahi izateari”.
Azkenik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Frantzia eta Espainiako estatuei exijitu die beren “muturreko jarrera laga dezatela, mendekuan oinarritutako espetxe politikak desagerrarazita pertsona guztien eskubide guztiak bermatu ahal izateko”. Horregatik, Matutek manifestatzeko beharra berretsi du, kalean bakearekiko zein giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatzen jarraitzeko, bihar 17:30ean Casillatik abiatuko den elkarretaratze isilean egingo den bezala. Alternatibak ordezkaritza izango du bertan, Matute bera, besteak beste.