Ezagutarazi diren langabeziaren azken datuek Bizkaia jartzen dute Hego Euskal Herriko zerrenda tamalgarri horren buruan. Guztira, 100.399 langabe daude Bizkaian, aurreko hilean baino %1,19 gehiago (martxoan baino 1.183 gehiago). Horrenbestez, egoera honetara ekarri gaituzten politika neoliberalak indarrean jarriz ekonomia suspertzeko eta enplegua eta aberastasuna sortzeko EAJk duen asmoa kimera hutsa dela esan dezakegu.
Diktadorea hil zenetik bokazio soberanista gabe eta eskuineko ideologiarekin Bizkaian agintean den alderdia ez da gai, emergentziazko egoera honetan, politika eraginkorrak indarrean jartzeko: desberdintasunei aurre egiteko politika sozioekonomikoak ezarriz, azpiegitura handiak albo batera utziz, fiskalitate egiaz progresiboa ezarriz aberastasuna sortzen hasteko eta enplegua sortzen hasteko. Eta hori guztia egin daiteke udalerrietatik eta eskualdeetatik abiatuta.
Politika sozialen alde egin beharrean eta enplegua sortzeko lanari ekin beharrean, hemen ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen ari da EAJ, eta bere ekimen faltan kateatuta dago. Boterean denbora gehiago ematea eta egoerarik kaskarrena gainditzea beste helbururik ez duen estrategia batekin, denbora irabazteko aurrekontuak ateratzeko ahaleginean ari da orain. Eta horretarako, ez du zalantzarik egin UPyD alderdira hurbiltzeko. Bizkaian ere PPrekin lotutako hitzarmenaren ondoren lortu zuen aurrekontuak aurrera ateratzea.
Langabeziaren datuen berri emateak eta Petronorrek Muskizen egin duen koke plantaren inaugurazioak bat egin dute denboran. 1.000 milioi euroko inbertsioa ekarri du planta berri horrek, eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, “aire poltsa”izango dira konfidantza berreskuratzeko eta “susperraldiaren oinarria”. EAJk herri honentzat duen alternatiba, beraz, birfindegian tratatutako erregai fosil baten zepa da. Gainera, horren jabea Repsol da.
EH Bildutik uste dugu operazio hori inposizioa izan dela hasiera hasieratik. Epaitegi batek esan du plantaren eraikuntza eta jarduera ez direla legezkoak. Baina agintari jeltzaleek, beste behin, ez dute zalantzarik egin, eta ustez ustela den Espainiako monarkiaren aurrean makurtu ziren berriro, plantaren inaugurazioan.