Alternatibako Gipuzkoako koordinatzaile Xabier Sotok irmotasunez kritikatu du Espainiako Auzitegi Gorenak gaur jakinarazitako epaia, Auzitegi Nazionalak Segikoak izatea leporatuta zortzi gazteren kontrako sei urteko kartzela zigorra berretsi duena: “Herri honetan bakea eta normalizazio politikoa ezartzeko ahaleginak biderkatzea ezinbestekoa den garai honetan, berriz ere topo egin behar dugu militantzia politikoan aritzea delitu bakarra duten gazteen kontrako espetxe zigor onartezinekin”.
Alternatibatik gogorarazi dute duela hilabete, martxoaren 9an, mobilizazio jendetsu batek Gipuzkoako hiriburuko kaleak zeharkatu zituela kondenatutako gazteak babestu eta jazarriak dauden beste guztien egoera salatzeko. Orduan, Alternatibak “babesgabetasunean dauden pertsonekiko zubiak eraikitzera eta laguntzera” deitu zuen. Gaurkoan, Sotok militantzia politikoagatik ere zigortua izan zen gazte baten hitzak azpimarratu nahi izan ditu; “zerbait gaizki egiten ari gara gazteak kartzelaratzen uzten jarraitzen badugu” zioena.
Azkenik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak iragarri du zigortutako gazte independentistak babesteko datozen egunetan antolatu daitezkeen manifestazio deialdiekin bat egingo dutela, “gizartearen mobilizazioa ezinbestekoa delako gatazkaren ondorioak pairatzen dituzten pertsonak oraindik ere egotea saihesteko”.