Kutxabank sortu zenetik 15 hilabete pasatu direnean, azken hauteskundeak izan zirenetik lehen ohiko Batzar Orokorra egingo du BBK-k etzi, hilaren 11n, Bilbon. Batzarrerako ez da aurreikusten finantza jarduerari buruzko informaziorik, hori KutxaBanken Administrazio Kontseiluan (EAJ + PPk osatzen dute) erabakitzen omen da: erreserbetara jarritako 585 milioi euroak (2011n baino %21 gehiago), Banku txarrean jarritako 100 milioi euroak… EHBilduren ustean, finantza jarduera KutxaBanki dagokio, bai, baina KutxaBanken akzioen %57 BBKrenak dira eta zerbait esateko, aztertzeko, eztabaidatzeko aukera izan beharko genuke.
Gauzak horrela, BBKren Batzar Orokorrean, soilik emaitzaren informazioa emango digute, eta horren arabera, Gizarte Ekintza proposamena. Erabaki guzti horiek eragina zuzena dute BBK-ko Batzar Orokorrak erabaki behar duen Gizarte Ekintzako aurrekontuan. BBK-k akzioen %57 izanda, Batzar Orokorrak zerbait esan beharko zuen finantza jardueraz. Baina, ez.
Errealitate gordinari uko eginez, ehunka etxe-kaleratze ematen ari dira azken hilabeteetan, eta horietako askotan, BBK-k erantzunkizun zuzena du. Hala ere, etxe-kaleratzeen gaia ez dira aztertuko etziko batzarrean. Eskaera egin genuen batzar honetan gaia sartzeko, baina ezetz erantzun digute. Eskaera bera egin dugu Gipuzkoan eta Araban, eta Vitalen batzarrean gaia eztabaidatuko dute, gehiengoa PPren eskuetan egonda. Gai-zerrendan sartu dute, ez bakarrik etxe-kaleratzeen gaia, pribatizazioarena ere aztertuko dutelako. PP EAJ baino zabalagoa da? EAJk badu non hausnartu.
Atzo, KutxaBankeko lehendakari Mario Fernandezek esan zuen Gizarte Ekintza dela egun KutxaBank izatearen ardatz nagusia. Baina berehala argitu zuen bere tranpa: bankuaren irabaziaren araberako garapena du Gizarte Ekintzak, beraz, gero eta etekin laburrago, orduan eta diru gutxiago Gizarte Ekintzarako. Eta hori da, hain justu, gertatzen ari dena: gero eta diru gutxiago bideratzen da Gizarte Ekintzara. Iaztik, erdia baino gehiago murriztu da Gizarte Ekintzarako aurrekontua: Gizarte Ekintzako Zentroena, %87.
Horrek adierazten du BBK-k berezkoa duen gizarte ekintza deuseztatzeko jokaera. Baina kolaborazioan egindako programak eta jarduerak ere %77 gutxitzen dira. Eta murrizketa horiek izanda, gai dira esateko jarduera eta proiektu guztiak egingo dituztela. Gezurra, jakin badakigulako Sukarrietako txanda bat edo jarduereren bat kendu dituztela; era berean. BBKren egoitza zen Reina de la Paz-ek Vitalitas aseguru etxe pribatuaren bitartez eskaintzen ditu zerbitzuak.
Gizarte ekintzako txostena irakurriz gero, horrelako harribitxiak aurki ditzakezue: “… ehun urte bete dituen Aurrezki Kutxa arrakastatsuaren oinordekoa dena eta, horregatik, finantza- eta gizarte-bazterketak sortutako gizarte-beharrei dagokienez oso sentikorra dena. Gizarte-ekonomiako tresnak sustatuz, bazterketaren aurkako borrokan eskarmentu handia dugu, eta gainera liderrak eta aitzindariak izaten jarraitu nahi dugu”. Ikusi al duzue gizarte-beharrekiko sentikortasun-izpi bat Kutxabankek jendea bere etxetik kaleratzen duenean?
2012ko Gizarte Ekintzako Txostenean ere aurki ditzakezue horrelakoak: sozietate publikoarekin lankidetzan. Programa horren egikaritzan, BBK-k herritarren eskura jarri ditu Gaztelondon, Errekaldeko barrutian, bere jabetzakoak diren BOEn sustapeneko 40 etxebizitza -beren eranskin eta guzti-, alokairu sozialeko erregimenean erabil ditzaten. Proiektu horrekin, BBK-k erantzuna ematen dio bizkaitarrekin duen konpromiso nagusienetakoari, hots, bateko edo besteko bideak erabiliz etxebizitza babestuak eskuratzea erraztea, bereziki gazteenei. Izan ere, Bilboko Udal Etxebizitzei higiezinak doan utzi dizkie 50 urtez.
2010etik diote, baina beti kopuru berbera da: 2010ean, 40; 2012an, 40; 2013an, 40,… hori da bizkaitarrek etxebizitza babestuak eskuratzea errazteko BBK-k hartzen duen konpromisoa. Eta ahaztu egin zaie esatea Gizarte Ekintzaren 2008-2010 epealdirako Plan Estrategikoaren helburu bat zela gazteek alokatzeko BOE etxebizitzaren proiektua gauzatzea. Zenbat etxebizitza egin ziren? Bat ere ez. Aitzakia: Lurzoruaren Legea eta udalek ezarritako oztopoak.
40 etxebizitza alokairu sozialerako, eta bitartean, zenbat pertsona utzi du etxe gabe KutxaBankek? Datu hori KutxaBank-ek ez digu ematen, baina…
KutxaBank eta BBK-ko lehendakari Mario Fernandezek orain dela gutxi adierazi du hipoteka ordaindu ezin duten kasuen %92,7an akordioa lortzen dela kreditua birnegoziatzeko eta etxebizitza ez galtzeko. Beraz… %7,3a KutxaBankek etxetik kaleratzen du.
2012ko iraila arte, hau da, 9 hilabetean, 2.088 hipoteka-exekuzio egon dira Bizkaian.
Kontuan izanda hipoteka gehienak KutxaBank-en eskuetan daudela…
Ziur gaude KutxaBankek 40 pertsona baino gehiago etxetik kaleratu edo kaleratzeko arriskuan daudela.
KutxaBankek 40 etxebizitza utzi dizkie doan Bilboko Udal Etxebizitzei 50 urtez. Zergatik ez ditu uzten doan eta 50 urtez Bilboko Udal Etxebizitzei edota Etxebideri hipoteka-exekuzioan dauden etxebizitza guztiak beraiek alokairu sozialean eskaini diezaien bertan bizi eta hipoteka ordaindu ezin dutenei? Horrelako proposamenak bai adieraziko luketela BBK-k finantza eta gizarte-bazterketak sortutako gizarte-beharrekiko oso sentikorra dela, baina ez dugu ikusten bide horretatik joateko asmorik duenik.