Alternatibako legebiltzarkide eta bozeramaile Diana Urrea, Kolonbiako Marcha Patriotica Mugimendu Politiko eta Sozialeko ordezkariekin elkartu da, Jorge Freitter-Florian Euskal Herriko tokiko arduradun eta Alberto Pinzon Sanchez, Alemanian erbesteraturiko medikua, elkartasun internazionalistaren loturak eraikitzeko eta martxa bera zein honek defendatzen dituen berme politikoak erakunde politiko gisa bultzatzeko.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak salatu du “egunetik egunera Kolonbiako herritarrek bizi duten giza eskubideen urraketa lazgarria” eta gogoratu ditu sindikalistek, nekarazi buruek, ikasleek, kazetariek, indigenek, afrikarren ondorengoek, bake kolektiboek eta alderdi ezkertiarrek jaulkitako makina bat salaketa, azken 20 urteetan eman diren mila espetxeratze, epaiketa, desagerpen, deserriratze, indarrezko tokialdatze eta erailketen ondorioz.
Egoera honen aurrean, Alternatibatik bere konpromiso irmoa azaldu dute Kolonbiako auziarekiko, bakea eta justizia soziala helburu dituen Marcha Patrioticak gizartea eraldatzeko “ardatza delako, elkarrekin Kolonbiako herriaren bigarren eta betirako Independentzia eraikitzeko bidean”. Eta ondorioz, Kolonbiako Gobernuari exijitu diote mugimendu sozial eta politiko honetako kideen osotasun fisikoa eta bizitza errespeta ditzala; era berean, Marcha Patriotica mugimenduaren berme politikoak aitor ditzala ere eskatu diote, alde biek –gobernuak eta FARC-EPko gerrillak- elkarrizketaren bidetik jarrai dezatela gatazkaren konponbideraino.
Azkenik, Urreak bere babesa eta elkartasun osoa agertu die egunero bere subiranotasunaren eta autodeterminazioaren alde borroka egiten duten herri guztiei.