Alternatibako bozeramaile Diana Urreak Venezuelako herria zoriondu du ezkerraren garaipen berriarengatik eta ondorengoa azpimarratu du: “garaipen hau eraikuntza sozialistaren prozesua bultzatzeko balio behar du, hamabost urtetik hona Venezuelako herritarrek buruan sartuta izan duten ideia”.
Alternatibako kide eta legebiltzarkideak kanpainan zehar bizi izan den egoera konplexua nabarmendu du – Hugo Chavez gabe egindako lehena- eta horregatik gogorarazi ditu “prozesu bolivartarra ezegonkortzeko egin diren saiakera anitzak”. Egoera hau dela eta, Urreak hautestontzietan lortutako emaitzak aintzat hartu ditu: “sozialismo erreala lortzeko bidean garaipen bat da hau, herritik eta herriarentzat eraikitakoa”.
Bestaldetik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak oposizioko alderdi eskuindarrei dei egin die hauteskunde emaitza berehala onar dezaten, munduan dagoen hauteskunde zenbaketa sistema gardenetarikoa eta lagundutarikoa izanik.
Azkenik, Alternatibatik eta Euskal Herritik, elkartasunezko agurra bidali diete Venezuelako emakume-gizon guztiei, eta konfiantza dute “egoera konplexu horren gainetik, eta desinformazioa eta ezegonkortasuna gaindituz, bere etorkizunean sinetsi eta horren jabe sentitzen den herriaren duintasuna lehenbiziko ardura izaten jarraituko duela”.