Alternatibako bozeramaile Jonathan Martinezek gogor salatu du Sortuko Bizkaiko kide Iker Rodrigoren atxiloketa, gaur goizean Guardia Zibilaren eskutik eman dena, “agerikoa da atxiloketak helburu oso zehatzak dituela, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren kanpainaren baitan ematen baitira, atzo errepikatu baitzuen Sortu zein Bildu legez kanpo uzteko asmoa duela”.
Talde ezkertiarretik galdegin dute zergatik antolatzea leporatu dioten ekitaldian zeuden lagunetik Sortuko kidea bakarrik atxilotzea erabaki duten, eta azpimarratu egin dute Lopez Peñaren familiak berak gogorarazi duela ekitaldi pribatua izan zela, lagun eta hurkoek bakarrik eta inolako erakunderen laguntzarik gabe antolatu zutela. Honek Rodrigoren kontrako aitzakiak ezerezean uzten ditu.
Martinezek Espainiako Erresumako Gobernuak egindako mugimendu hau salatu du eta “Euskal Herriaren bake eta normalizazio politikoaren kontrako zentzugabekeriazko kanpaina horretan gorakada kualitatiboa” suposatu duela ere esan du, hau izanik Sortu alderdiko kide bat atxilotzen duten lehenbiziko aldia; guztiz legala den erakundea eta beren estatutuetan indarkeria ororen gaitzespena egiten duena.
Alternatibatik deitoratu dute Mariano Rajoyren gobernuak “atxiloketaz jantzitako ke gortinak erabiltzea giza eskubideak urratzen dituzten politikak estaltzeko ahaleginean, hala nola, ustelkeria eta elite finantzarioen mesederako zurikeria egitea, haien kabineteetatik agintzen dituzten neurriak betez. Aldi berean, historian inoiz emandako ospe-indize baxuena ematen diete inkestek, bai PP bezala zein Espainiako bipartidismoari”. Gainera, bitxia da oso, “hau guztia Santi Brouard erail zuenaren identitatea eta Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuen agindua nola burutu zen ezagutu dugun egun berean jakin dugu”.
Azkenik, Martinezek bere alderdiaren elkartasuna adierazi dio bai Rodrigo eta bai Sorturi, eta gaur Erandion, arratsaldeko mobilizazioan parte hartzera deitu du atxilotuaren berehalako kaleratzea eskatzeko.