Gaur bertan bi hedabideri esker euskal jendarteak ezagutu duen grabazioak argi utzi du Ertzaintzako buruek mina egiteko borondatea zeukatela 2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen agindua eman zutenean. Maria Diaz de Haro kalean zeuden agenteek istilurik ez zegoela eta egoera kontrolpean zegoela ziurtatu eta hala eta guztiz ere “dugun guztiarekin sartzeko” agintzea modu horretan soilik uler daiteke. “Grabazioak agerian utzi du Ertzaintzako buruek mina egitea bilatzen zutela eta herri honetako sektore sozial eta politiko baten kontra jotzeko erabaki politikoa ere bazegoela. Iñigoren heriotza borondate horren ondorio latza izan zen, eta gaur ezagutu dugun grabazioak argi utzi du hori ezin dela, inondik inora, istripu gisa hartu”, salatu du Marian Beitialarrangoitiak.
EH Bilduk Estefania Beltran de Heredia egungo Segurtasun sailburua; bere aurrekoa, Rodolfo Ares, eta egun hartako operatibo burua Legebiltzarrean berehala ager daitezela eskatu du, Jaurlaritzak auzi honetan emandako urratsak zehatz-mehatz argitzeko. Izan ere, dio Beitialarrangoitiak, “euskal jendarteak egia ezagutzea merezi du, eta Aresek eta Beltran de Herediak egia kontatzeko obligazioa dute. Batak zein besteak grabazio hau ezagutzen zuten eta horrek are argiago uzten du orain arte gezurretan aritu direla, ez dutela gertatutakoa argitu nahi izan. Beren helburua ez da ardurak garbitzea izan, Ertzaintzaren jarduna justifikatzea, estaltzea eta zuritzea baizik. Ez digute egia osoa kontatu; Ares gezurretan aritu zen hasieratik eta orain Beltran de Heredia ez da hobeto ari, onartezina baita gertatutakoa istripu gisa hartzea grabazioan mina egiteko gogoa agerikoa denean”.
Ildo horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren pasibotasuna salatu du, eta 2012ko apirilaren 5ean inolako arrazoirik gabe kargatzeko agindua eman zuen ertzainaren aurkako diziplinazko neurririk hartu ez izana egotzi dio Segurtasun Sailari.
Zentzu horretan, berehala kargutik kentzeko eskatu dio: “Agente hori identifikaturik dago, egon behar du, eta Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzukizuna berari dagokio neurri handi batean, arduragabekeria baino erakusten ez duen agindu hura emateagatik. Horregatik, ulergaitza da ertzain horrek, bere aginduen ondorio larriak ikusita, oraindik orain bere postuan jarraitzea. Azalpen posible bakarra hasieratik salatu egin duguna da, Segurtasun Sailaren lehentasuna ez dela jazotakoa argitzea eta ardurak garbitzea, agente horien jokaera arduragabea estaltzea baizik”.