Administrazioarekin plazak hitzartuta dituzten Gipuzkoako zaharren egoitzetako eta Eguneko Zentroetako 4.800 langileen lan-baldintzak hobetzeko 8,2 milioi eurotako diru-partida eskaintzeko konpromisoa hartu zuen Diputazioak, joan den otsailaren 8an.
Era horretara, sektoreko sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioetan zegoen blokeo egoera konpontzeko urratsa eman zuen Diputazioak. Adegi eta Lares patronalak eta ordezkaritza soziala urritik ari dira negoziatzen, akordietara iritsi ezinik, eta hainbat greba ere egin dira. Mobilizazio gehiago ere iragarri dituzte.
Blokeo egoera gainditu ezean eta akordiorik lortu ezean, ezin izango da herrialdeko hitzarmenik sinatu eta, ondorioz, sektore honetan estatuan dagoen erregulazioa jarriko da indarrean. Horrek eragin zuzena eta kaltegarria izango luke langileen lan-baldintzetan eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean.
Foru Erakundeak gure herrialdean eskaintzen diren plazen %87 finantzatzen du, eta 4.800 langileen soldatak ere berak ordaintzen ditu. Horrenbestez, kontzertatutako plaza publikoetan eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea bermatzearen azken erantzulea da Diputazioa; era berean, zentro horietan lan egiten duten pertsonen lan-eskubideak bermatuak daudela ziurtatu behar du, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan eragin zuzena dutelako langileen baldintzek.
Horregatik guztiagatik, eta bi aldeek Administrazioa interpelatu ondoren, Foru Gobernuak proposamena egin zien patronalari eta sindikatuei, blokeo egoera gainditzeko helburuarekin.
Baina Foru Gobernuak agertutako erantzukizunari eta konpromisoari salaketa batekin erantzun dio Adegik. Gainera, 187.000 euroko kalte-ordaina eskatzen dio.
Egoera honen aurrean, zera nahi dugu:
* Zaharren egoitzetako eta Eguneko Zentroetako 4.800 langileei: ez zaudete bakarrik. Lan baldintza duinekin aritzeko eta zuen eskubideak ez murrizteko herrialdeko hitzarmena eskuratzeko egiten ari zareten borrokarekin bat egiten du EH Bilduk. Espainiako lan erreformaren aurka izango gara beti. Ez gara makurtuko patronalaren aurrean.
* Gipuzkoako Foru Aldundiari: herri honetako langile klasearen bizkarrak zaintzen jarrai dezala, batez ere jokoan dagoena zerbitzu publikoen kalitatea eta zerbitzu publikoetako langileen eta erabiltzaileen duintasuna denean.
* Adegiri: kendu dezala Diputazioaren aurka jarri duen salaketa, negoziatzera eser dadila eta Gipuzkoako langileen bizitza kaskartzen duen Espainiako lan erreforma indarrean jartzeari uko egin diezaiola. Patronala ase-ezina da. Zaharren egoitzetako langileen gero eta diru gehiagorekin geratu nahi du, baina orain, foru altxortegitik ere beste zatitxo bat atera nahi du, Diputazioak kalte-ordaina ematea eskatu duelako. Iraingarria da hori gure herrialdeko zerbitzu publikoen erabiltzaileentzat, 187.000 euro kendu nahi dizkietelako.
* EAJri: patronalaren interesen zerbitzura aritzeari utz diezaiola eta Gipuzkoako herritarren interesak defendi ditzala. Izan ere, Diputazioaren aurka Adegik jarritako salaketaren edukietan agerian geratu da EAJ praktikan Adegiren beso politikoa dela instituzioetan. Adegik jarritako salaketaren oinarria Batzar Nagusietan EAJk egindako galdera bati Diputazioak emandako erantzunean dago. Kontrol publikorako dauden mekanismoak nahi bezala erabil ditzake EAJk, eta nahi beste galdera egin ditzake Batzar Nagusietan, baina, kasu honetan, galdera egin du patronalari mesede egiteko eta Diputazioaren interesak kaltetzeko helburuarekin. Azalpen asko eman beharko dizkiete zaharren egoitzetako langileei eta erabiltzaileei. EAJk patronalarentzat egiten du lan; EH Bilduk, aldiz, herritarren interes orokorraren alde eta langileen duintasuna bermatzearen alde egiten du lan.