Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek bere alderdiaren elkartasuna adierazi nahi izan die Ertzaintzak gaur goizean Donostian atxilotu dituen gazteei, gogorarazi duenez, “militantzia politiko hutsagatik kondenatu dituztelako”. Atxiloketen gainetik, alabaina, Matutek txalotu egin du ehunka lagunek erakutsitako “erresistentzia baketsua, herri duintasuna eta elkartasuna, egunak daramatzatelako kalean gazteak babesten”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramailearen hitzetan, euskal gazteriak “elkartasun aktiboa eta ez-biolentziarekiko konpromisoa agertu dute erresistentzia zibilaren bitartez, eta auzi honetan bakoitzaren kokapena agerian utzita”. Hala, “deitoragarria” iritzi dio Iñigo Urkulluren Gobernuak erakutsitako jarrerari, “berriz ere jarri baitu Ertzaintza bakea zein normalizazio politikoa oztopatzeko asmoa besterik ez duen Espainiako Erresumako Gobernuaren borondatearen zerbitzura”.
Honen harira, bere ardura plazaratu du “polizi autonomikoak Askegunea husteko indarkeria erabili duelako eta eguneko ordu txikietatik aurrera dozenaka lagunek salatutako mehatxuak eta irainak ugariak izan direlako”. Horrela, jarraitu du esanez “onartezina da komunikazio hedabideei haien lana egitea galarazi izana, gaur goizeko gertakariez berri ematera hurbildu direnean”.
Matutek, Askegunea hustea lortu duten arren, “elkartasuna eta Euskal Herrian pertsona guztien eskubide guztiak berrezartzea helburu duen prozesua geldiarazterik ez dutela lortuko” ziurtatu du. Era berean, “Askeguneak luze iraungo” duela gaineratu du, “bidegabekeriaren aurkako borroka, duintasuna eta erresistentzia eredua bilakatu delako”. Azkenik, Alternatibatik gaur arratsalderako eta biharko deitutako elkartasun mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.