Alternatibako bozeramaile Diana Urreak kalera ateratzera dei egin du Komite Internazionalistak eta Askapenak gaur, apirilak 19 Bilboko Plaza Biribilan arratsaldeko 20:00etan deitutako kontzentrazioan parte hartzera “Gora Venezuelako iraultza! Eraso inperialistarik ez!” lemapean egingo dena. Urreak gogor salatu du Venezuelako eskuinaren indarkeriazko jokabidea eta horregatik, iraultza Bolivartarrarekin elkartasuna adierazteko indarrak batzera deitu du.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak oposizioari eskatu dio “jarrera kolpistari eten egiteko eta hauteskunde emaitzak berehala aitortzeko. Baina batez ere, armak eta indarkeria alde batera utz dezala, dagoeneko zortzi lagun hil direnean eta hainbat PSUVeko egoitza, etxebizitza sozial, irrati eta hedabide komunitario erre dituztenean”. Aldi berean, Capriles buru duen eskuinaren helburu bakarra horrela nabarmendu du: “beldurra sustatu eta estatu kolpea jo nahi dute, iraultzaren alde dagoen herri horretan faxismoa ezartzeko”.
Egoera honen aurrean, Urreak berriro ere, Venezuelak munduan dagoen hauteskunde zenbaketa sistema gardenetarikoa duela gogoratu du eta Maduroren Gobernua animatu du “Chavezek duela hamarkada luze bat hasitako iraultzarrekin aurrera egitera, pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen sozialismoa lortu arte”.
Bukatzeko, Alternatibatik honako hau gogoratu dute: “Iraultza Bolivartarra guztion iraultza da, Euskal Herriarena ere; latinoamerikako iraultzak gure buruak islatzeko ispiluak diren heinean”.