Alternatibako bozeramaile Luis Maria Salgadok kalera ateratzera dei egin du Alternatiba Arabak bihar asteazkena, hilak 24, Gasteizko Posta kalean Correos aurrean arratsaldeko 19:30etan deitutako kontzentrazioan parte hartzera “Eraso inperialistaren aurrean, iraultza Bolivartarra!” lemapean egingo dena. Salgadok salatu du Venezuelako eskuinaren indarkeriazko jokabidea eta horregatik, iraultza Bolivartarrarekin elkartasuna adierazteko indarrak batzera deitu du.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak oposizioari eskatu dio “jarrera kolpistari eten egiteko eta hauteskunde emaitzak berehala aitortzeko. Baina batez ere, armak eta indarkeria alde batera utz dezala, dagoeneko hainbat lagun erail dituztenean”. Aldi berean, Capriles ordezkatzen duen eskuinaren helburu bakarra horrela nabarmendu du: “beldurra sustatu eta estatu kolpea jo nahi dute, iraultzaren alde dagoen herri horretan faxismoa ezartzeko”.
Salgadok gogorarazi nahi izan du Venezuelak munduan dagoen hauteskunde zenbaketa sistema gardenetarikoa duela eta Maduroren Gobernua animatu du “Chavezek duela hamarkada luze bat hasitako iraultzarekin aurrera egitera, pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen sozialismoa lortu arte”. Hala, Alternatibatik gogoratu dute Iraultza Bolivartarra “guztion iraultza” dela, “Euskal Herriarena ere; Latinoamerikako iraultzak gure buruak islatzeko ispiluak diren heinean”.
http://alternatiba.net/old-files/VenezuelaKontzenGasteiz_0.jpg