Alternatibako bozeramaile Diana Urreak bere haserrea agertu du Alberto Ruiz Gallardon Justizia Ministroak gaur eginiko adierazpenak PPk egin asmo duen Abortuaren Legearen erreformaren defentsan. Hala, “lotsagarritzat” jo du Rajoyren gobernuko kideak esandakoa, “emakumeen eskubideak ezin direla lehenetsi jaio ez direnen eskubideen gainetik”. Urrearentzat onartezina da aurrerakoia deitzea “emakumeek beren gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidearen urraketa garbiari”.
Gallardonek 1985eko legea berreskuratzeko asmoa azaldu du, aurreko legegintzaldian emandako “aurrerapauso eskas eta apurrak” desagerraraziz, 16 eta 17 urteko adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izatea eta 14 asteko epea ezartzearena askatasunez abortatzeko, alegia.
Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari benetan “patriarkatuaren indarkeriaren aldaera bat” dena.
Zentzu horretan, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatzeko aprobetxatu du ere, foru erkidegoko Kontuen Ganbera berak ere aitortu duenez, bikoitza ere ordaintzen du abortuak sare pribatuan eginda, legeak dioenari kasu egin gabe, osasun pribatura bideratzen direlako. Hala, “Nafarroako emakumeei haien eskubideak ukatu ez ezik, diru publikoa xahutzen dute interes pribatuetara desbideratuta”.
Bestaldetik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Gallardoni emandako justifikazioa “gezur galanta” izatea leporatu dio honako hau baieztatu duenean: “Abortuaren legea aldatzea Espainiako herritarren borondateari men egitea da”. Rajoyren Gobernuaren egitasmoaren aurrean, Urreak abortu “librea eta doakoa” aldarrikatu du: “emakumeei amatasuna noiz eta nola hartu behar duten ezartzetik librea; emakumeen eskubideak eta sexualitatea errespetatzen dituen legea aldarrikatzen jarraituko dugu”.
Bukatzeko, Alternatibatik indar politiko, sozial eta sindikal guztiei dei egin diete Gallardonen erreformari erantzuteko, beste eskubide guztiak aldarrikatzen diren indar berdinarekin eta hau bermatzeko helburuarekin abortuari dagokionean: “emakumeek erabakia hartu dezatela eta estatuak bermatu dezala elizaren esku hartzerik gabe”.