Jaurlaritzaren aurrekontuei buruzko eztabaida irekiz geroztik, EH Bilduk diru-sarreren atala handitu beharra nabarmendu du behin eta berriz. Besteak beste, espainiar Estatuak inposatutako defizit muga, EAJk ontzat eman duena, ez onartzea eta igotzea ezinbestekotzat jo du koalizioak, Jaurlaritzak euskal jendartearen beharrei modu egokian erantzuteko behar adina baliabide eskuratu ahal izateko. EAJk planteamendu hori errefusatu du etengabe, baina orain bere aurrekontu-proiektua bertan behera utziko duela iragartzen du, defizit muga igo behar dela onartuz, EH Bilduk eskatzen zioena, hain justu.
“Aurrekontu-proiektua bertan behera uztearekin EAJk bere porrota agerian utzi du, herri honen beharrei erantzuteko gai izan ez delako eta bere egitasmoa aurrera eramatearren behar zuen babes politikoa lortzeko gai izan ez delako”, Oskar Matutek eta Belen Arrondok adierazi dutenez. Defizit muga igotzearen aldeko koalizioaren apustua gogora ekarri du Matutek, eta salatu du Jaurlaritzatik zein Sabin Etxetik “utopikoak izatea eta errealitatetik kanpo bizitzea leporatu digutela horregatik; orain, aldiz, Urkulluk berak aitortzen du hori dela bidea eta, finean, guk arrazoia geneukala”.
Aurrekontu-proiektua erretiratzeak sortarazten duen egoeraren ardura osoa EAJri dagokiola azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta hemendik aurrera ere jeltzaleen ardura izango da Jaurlaritzaren politika ekonomikoa norabide egokian jartzea. “Eztabaidari beste parametro batzuetatik heltzeko aukera dauka orain Jaurlaritzak, eredu sozioekonomiko berri baten alde, eskubide sozialak babesteko eta bizi baldintza duinak bermatzeko, baina orain arteko ereduari eusten baldin badio, Troikak, Bruselak eta merkatuek nahi duten ereduaren aldeko apustua egiten badu, aurrez aurre izango gaitu”, ohartarazi dute Matutek eta Arrondok. Ido horri jarraituz, EH Bilduk emergentzia plana eskatzen dio Urkulluri, krisiaren ondorioei eraginkortasunez erantzuteko plan hori ezinbestekoa delakoan; are gehiago, Gobernuaren aurrekontuak berak plan orokor horren tresna izan behar du.
Azaldu dutenez, aurrekontu-proiektuari egindako zuzenketa guztien bitartez EH Bilduk Jaurlaritzaren diskurtsoa gainditu du eta beste eredu bat egon badagoela argi utzi du, “posiblea dela diru publikoa beste modu batean erabiltzea, doktrina neoliberalarekin apurtuz eta erdian pertsonak jarriz, kalitatezko zerbitzu publikoak eta lan baldintza duinak bermatzeko eta ekonomia berpizteko”. Oskar Matuteren esanetan, “horixe da EAJk nahi ez duena, jendeak jakitea krisiari aurre egiteko beste modu bat dagoela; horregatik uko egin dio eztabaida horretan sartzeari, eta bere aurrekontua aukera posible bakarra balitz bezala aurkeztu du; akordioak bilatu beharrean, bere proiektua inposatu nahi izan du, azkenean bertan behera utzi behar izan duen arte”.