EHBildu koalizioa osatzen dugun indar politikook, Donostiako 8 gazteen kartzelaratzea irmoki salatu nahi dugu.
Bada garaia gure herrian jazarpen politikoa amaitu dadin. Ezin onar dezakegu, gaur egun, gure hirian, beraien ideia politikoengatik 8 gazte 6 urtez espetxera bidaltzea. Atxiloketa eta epaiketa politiko guztiak behin betiko eten behar direla, ozen aldarrikatzen dugu. Kartzelak husteko garaiak dira honakoak, ez hauek betetzen jarraitzekoak.
Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu atxilotuei beraiei baita haien senide eta lagunei ere, bizitzen ari diren une zail hauetan.
Herri honek gatazka politikoa konpontzeko eta bakea eraikitzeko urratsak eskatzen ditu; sufrimendu egoerekin behingoaz amaitzea, eta ez, etengabean sufrimendu egoera berriak sortzen jarraitzea.
EHBilduk, orain artean bezalaxe, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu daitezen lanean jarraituko du buru-belarri. Sinetsiak gaude, horixe dela sentsibilitate ezberdinetako herritarren gogoa.
Gazte hauekin burutu den injustizia salatzeko, elkartasunezko ekimena abiarazi zuen herritar talde batek Donostiako Bulebarrean.
Azken bi asteotan Donostian sortu den elkartasun eta salaketa mugimendua, ikaragarria izan da. Gure zorionak eman nahi dizkiegu Aske Gunea posible egin duten herritar guztiei. Zuen jarrera eraikitzaile eta arduratsuarekin antolaketa eta konpromiso lezio ederra eskaini diguzue donostiar guztioi.
Horrekin batera, bertan bildutakoak kanporatzeko ertzaintzak izandako jokamoldea salatu beharrean gaude. Asko izan dira, mehatxuak, umiliazio sexistak eta eraso fisikoak salatu dituzten herritarrak.
Azkenik, PNV, PSE eta PPren jarrerari dagokionean zera adierazi nahi dugu:
Eskandalagarria iruditzen zaigu azken asteotan Donostiako oposizioko alderdiek erakutsi duten jokaera arduragabea. Zortzi gazte lan politikoa egiteagatik 6 urtez kartzelaratu behar dituztenean, hori salatzen duten herritarren aurka oldartu dira. Larriagoa da, nonbait, Bulebarrean protesta egitea zortzi familiaren bizitzak bidegabeki apurtzea baino.
Herritarren ahotsa entzutera gonbidatzen ditugu PNV, PSE eta PPko Donostiako ordezkariak. Ausardia eskatzen diegu, beraien alderdien irizpideak alboratu ditzaten eta Donostiarren gehiengoaren nahiarekin bat egin dezaten.
Beraien oinarriek pentsatzen dutena esatera animatzen ditugu. Alegia, 2013an, gure hiriko seme alabak Madrileko agindu injustuak betez kartzelara bidaltzea onartezina dela.
Bakea eta elkarbizitza eraikitzeko, alderdi guztion ekarpena beharrezkoa da, eta bide horretan, jarrera ausart eta positiboak bultzatu behar ditugu Donostian ere. Donostia elkarbizitzaren erreferente bilakatu nahi badugu, oinarrizko eskubideen kontrako eraso hauekin amaitu beharra dago, ezinbestean.