Urkullu lehendakariak argi utzi du gaur goizean zein den EAJk eta bere gobernuak euskal herritarrei eskaintzen dieten etorkizuna, egungo egoera larri honetara ekarri gaituzten politiketan sakontzea eta hori PSEren eta PPren eskutik egitea, hain zuzen ere. Bere aurrekontu-proiektua bertan behera utzi ondoren, Urkulluk EH Bildurekiko akordioak lortzeko edozein aukera baztertu du, eta adostasuna PSErekin eta PPrekin soilik bilatuko duela aitortu du.
Marian Beitialarrangoitiak eta Oskar Matutek adierazi dutenez, “lehendakariak argi utzi du PSE eta PP direla politika egiteko berak nahi dituen bidelagunak eta modu horretan agerian utzi du zein den Jaurlaritzaren jardueraren norabidea”. EH Bilduko legebiltzarkideen iritziz, “Urkulluk bide horren aldeko apustua egin du EAJk, PSEk eta PPk eredu sozioekonomiko berbera defendatzen dutelako, eta jakin badakielako PSEren eta PPren eskutik ez dela sakoneko aldaketarik bultzatuko. Lehendakariak krisialdi honetara ekarri gaituzten politiken inguruan sortu nahi ditu gehiengoak, ez besterik, behar-beharrezkoa den sakoneko aldaketa saihesteko, eta horregatik uzten du albora EH Bildu”.
Beitialarrangoitiak eta Matutek iruzur egitea eta ardurak saihestea leporatu diote Urkulluri, “akordiorik nahi ez duena EH Bildu dela irudikatzen saiatzen ari baita”. Horren harira, koalizioa akordioetarako prest dagoela berretsi dute, betiere euskal herritarren lan eta gizarte eskubideak eta etorkizun duina bermatzeko. Horretarako ezinbestekotzat jo dute eredu sozioekonomiko berri baten aldeko apustua egitea, gizartearen gehiengoak eskatzen duen sakoneko aldaketa gauzatzeko, “EAJk, PSEk eta PPk kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, gauzak egiteko modu bakarra ez dagoelako, bestelako bideak ere posible eta beharrezkoak direlako. Hori da gure konpromisoa euskal gizartearekiko, beste eredu baten alde lan egitea”.